Asier Gogortzaren 'Berako bordak' erakusketa Bera Herriko Etxean paratu dute

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 15a, 15:00

Herriko borden bilduma ikusgai dago dagoeneko Berako Herriko Etxeko eskaileratan. Herri lurretan dauden 55 borda ageri dira Asier Gogortzaren erakusketan, eta mapa batean bilduta daude borda guzien izen eta kokalekuak ere.

Artzaintzak Beran izan duen gainbehera dela eta, borda horietako aunitz eroriak daude gaur egun, baina hala ere argazkilariak borda horien arrastoak ere bildu nahi izan ditu argazkitan. Sasiak hartuak edo erdi desagertuak dauden borda horiek, hain zuzen, zapi zuri baten azpian babestuta ageri dira erakusketan. 

Asier Gogortza argazkilari beratarraren lan hau Donibane Garazin egon da ikusgai aurtengo apirilean, eta iaz Bordelen eta Iruñean ere ikusi ahal izan zen. Hemendik aitzinera, eta modu iraunkorrean, Berako Herriko Etxeko eskaileretan hartuko du ostatu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun