Igandean eginen dute Berako Mendi Itzuliaren XV. edizioa

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 17a, 13:00

Agerra Mendi Taldeak Berako Mendi Itzuliaren XV. edizioa antolatu du. Igandean izanen da eta  22 eta 26 kilometroko bi ibilbide izanen dituzte aukeran mendizaleek. 26 kilometroko ibilbideak 1.600 metroko desnibela izanen du, eta 22 kilometrokoak, berriz, 1.200 metroko desnibela izanen  du eta leunagoa da. 

Izen ematea aldez aitzinetik egin daiteke esteka honetan edo egun berean 06:30 eta 07:30ak bitartean, elkartearen egoitzan. Federatuak 13 euro ordaindu beharko dituzte federazio txartela aurkeztuta eta 15 euro federatu gabeek. Irteera elkartetik bertatik aterako da 07:30ean. 

Parte hartzaile bakoitzak kartulina bat hartuko du irteerako kontrolean, eta Intzola Larhun eta Idoia lepoko kontroletan eta elkartera ailegatzean aurkeztu beharko dute. 

Ibilbidean zehar, lau hornidura puntu egonen dira janariarekin eta edariarekin: Intzolan (9km), Larhunen (15km), Idoiako lepoan (19km/22km) eta elkartean bukaeran. 

Osatu beharreko ibilbidea

Mendizaleak Agerra auzotik aterako dira Manttalera (5.km), lehen gailurrera joateko. Ibardinetik igaro ondoren, Intzolara joanen dira (9km) eta handik Iasolako Bentara joanen dira (11.km). Ibilbideko puntu horretan, martxa luzea Larhunera igoko da (15.km), gero Lizuniagara jaitsi (19.km) eta Idoiako Lepotik (22.km) Larretagaina igoko dute. Handik Agerrara joanen dira, 26 kilometroko ibilbide zirkularra osatuz. 

Ibilbide motzaren kasuan, 11. kilometroan, Iasolako Bentan, Maletera jaitsiko dira (16. km), hortik Idoiako Lepoa eta Larretagaina igoko dituzte, eta ibilbidea Agerran bukatuko dute 22 kilometroak osatuta.

Bi ibilbideen profilak ikusteko sakatu hemen

Ibilbide luzeko bertze martxa batzuk

Berako Mendi Itzulia Nafarroako Mendi Kirol Federazioak antolatzen duen Ibilbide Luzeko Mendi Ibilaldien Nafarroako Zirkuituan dago. Orain arte Sakanako, Etxalarko eta Hiru Mendi Zerrak ibilaldiak egin dituzte, eta hurrengo hitzorduak hauek izanen dira: Berako Mendi Itzulia (maiatzaren 21ean), Baztango Mendi Ibilaldia (maiatzaren 28an), Aralarko Mendi Ibilaldia (ekainaren 11n), Aresoko Itzulia (irailaren 3an), Erronkariko Pirinio Garaiko Martxa (irailaren 23an) eta Irañetako Euskal Herriko Erdigunera ibilaldia (urriaren 1ean). 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun