Lyme kronikoa ezagutzera emateko 'LYMEtroz metro' lasterketa birtuala Beran bukatuko da

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 12a, 07:00
Berako Anderren senide eta lagunek Larunera igo eta bertan grabatu zuten ekimenean erakutsiko den bideoa.

Estatu espainiar osoan 10.000 kilometro eginen ditu eta aurten eritasun horrekin hil diren Ander beratarra eta Ponferradako Jessica omenduko dituzte

Maiatzaren 1ean Iruñean hasi eta estatu espainiar osoko 50 herri eta hiritan barna 10.000 kilometro eginen dituen LYMEtroz metro lasterketa sinbolikoa eta birtuala Beran bukatuko da maiatzaren 31n. Lyme kronikoa ezagutzera emateko ekimena da, 2016tik eritasun hori duen Naiara Olaguek eta Gorka Lizarraga bere senarrak sortua. Aurten eritasun horrekin hil diren Berako Ander eta Ponferradako Jessica omendu nahi ditu ekimenak. Maiatzaren 17an ospatzen den Lyme eritasunaren Nazioarteko Egunean lore-sorta bana emanen zaie bi familiei.

Hain zuzen, Berako Anderren senide eta lagunek, bere txoko kuttuna zen Larunera txangoa ere egina dute dagoeneko, ¡Lo conseguiremos! Lortuko dugu! Ho aconseguirem! Conseguirémolo! goiburupean egiten ari den ekimenaren berri ematen duen bideoan parte hartzeko.

Lasterketako lekukoa ere birtuala da, parte-hartzaileek eskuan margotzen duten bihotz berdea. Egiazko lekukoa, ekimenaren lymetroametro.org webgunean bildu daiteke. Estatu osoko eriei, senideei eta lagunei webgunean sartzera eta eskaera egitera gonbidatu dituzte eta kanpaina bukatzen denean, herrialde bakoitzeko arartekoei igorriko zaizkie eskaerak.

Ibilbidea

Maiatzaren 1ean Iruñean abiatu eta hilaren 31n Beran bukatuko den LYMEtroz metro lasterketak Girona, Torderá, Mataró, Bartzelona, Viladecans, Casteldefels eta Calafell (Bartzelona), Teruel, Castellón, Cala Ratjada (Mallorca), Alzira (Valentzia), Gandia, Ceutí (Murtzia), Albacete, Albolote eta Monachil (Granada), Iznajar eta Kordoba (Kordoba), Malaga, Fuengirola, Melilla, Telde (Kanariar Uharteak), Veredas (Huelva), Badajoz, Navalmoral de la Mata (Caceres), Pinto, Torrejon de Ardoz, Getafe eta Madril (Madril), Tudela de Duero eta Valladolid (Valladolid), Montuerga, Lerma eta Burgos (Burgos), Palentzia, León, Pontevedra, Fene (A Coruña), Luanco eta Xixon (Asturias), Torrelavega eta Esles de Cayón (Kantabria), Santurtzi eta Getxo (Bizkaia) eta Irun (Gipuzkoa) zeharkatuko ditu.

Parte-hartzaile gehienak Lyme kroniko eritasuna dutenak direnez, gehienei ezinezkoa zaie hirien arteko distantziak egitea eta bakoitzak aukeratzen du nola egin ibilbide hori. Horregatik, distantzia baliokidek egiten dituzte. Adibidez, Iruñetik Gironara 546 kilometro badaude, distantzia hori 546 urrats emanez, 546 hitz irakurriz…

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun