Toki Inbertsio Planaren barrenean hartuko dituen dirulaguntzei esker, Albistur karrikan eta Alkaiaga auzoan inbertsioak eginen ditu hurrengo urtean Lesakako udalak. Alde batetik, Albistur karrikan zolaberritze lanak, saneamendu, euri uren eta ur hodien aldaketak eta urbanizazio lanak eginen dituzte, Legarbaratzetik Ziobiraino. Lan hauei esker, oinarrizkoak diren zerbitzuak berritu eta hauetan hobekuntzak txertatuko dituzte.
Horretaz gain, mugikortasunaren ikuspegitik, Legarbaratzetik Ziobiraino espaloi bat aterako da. Mugikortasun planean identifikatutako beharrari erantzunez, hobekuntza honi esker, Albistur karrika hasierako bizilagunek herri erdigunera modu seguruan ailegatzeko oinezko bide bat izanen dute azkenean. Lan hauek guttienez % 70 batean diruz lagunduko ditu Nafarroako Gobernuak.
Alkaiagan saneamendua
Toki Inbertsio Planeko diru-laguntzari esker, Alkaiaga auzoan saneamendu azpiegitura ere eginen da bi faseetan. Auzoko zati handienak ez zuen horrelakorik eta lan hauei esker, ur zikinak modu egokian bilduko dira. Lan hau ere Nafarroako Gobernuak diruz lagunduko du, % 85 batean.