Bortzirietako Guztiok elkartearen aldeko dirua biltzeko eta, aldi berean, Genaro eta Unai Zelaieta gogora ekartzeko helburua duen Zelaieta Futbol Txapelketa solidarioa antolatu du bigarren urtez Berako Gure Txokoa elkarteak. Maiatzaren 20an, larunbatean 16:00etan hasiko da Matzada futbol zelaian eta infantil mailako Osasuna, Real Sociedad, Alaves eta Baztan-Bidasoko selekzio batek parte hartuko dute.
Lortuko den diru guztia, Bortzirietako Guztiok elkartearen alde izanen da. Guztiok elkartea, Bortzirietako behar bereziak edo/eta desgaitasuna duten umeen familiek duten osasun arloko gabeziei aurre egiteko sortu zen. Elkarte honek, ekitaldi honetan lagundu duten guztiei eskerrak eman dizkie.