Beran sortutako bizikidetzaren aldeko murala bisitatu du, ‘Ikuspegi bat arte fisikoetatik’ Memoria, Bizikidetza eta Giza Eskubideei buruzko VII. Jardunaldien testuinguruan Berako lau ikastetxeetako ikasleek bizikidetzaren aldeko mural koloretsua margotu dute eta honen aurkezpena egin dute gaur. Jardunaldi hori Nafarroako Gobernuko Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak bultzatu du, Berako Udalarekin lankidetzan.
Honela, gaurko aurkezpenean, Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Aitor Elexpuru, Berako alkatea; sormen prozesua zuzendu duen Leire Urbeltz artista eta ikasleak izan dira.
Horma-irudiak ezinezko harremanak sortu ditu bi mundu desberdinen artean. Alde batetik, gerrako bunkerrak eta, bertzetik, queer eta arrazakeriaren kontrako teoriak elkartu ditu. Jon Abril idazlearen esaldi batek osatzen du irudia: Desberdinen arteko solasak maitasunaren gotorleku. Ikasleek landutako ideia guztiak kontuan hartuta osatu da esaldia.