Espainiako trial kopa irabazi du Uxuri Portu lesakarrak

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 10a, 08:00

Uxuri Portu Salmancako proba irabazi ondotik, podiumeko koxkarik gorenean.

Larunbatean Bejarren (Salamanca) jokatutako azken proban nagusituta lortu du, 9 eta 12 urte arteko nesken kategorian

Espainiako trial kopako azken proba maiatzaren 6an, larunbatean jokatu zen Bejarren (Salamanca). Uxuri Portu lesakarrak erronka handia zuen, azken bi probatan bigarren izan ondotik, bai ala bai proba irabazi behar baitzuen kopa lortzekotan, 9 eta 12 urte arteko nesken kategorian. Eta halaxe egin zuen. Proba gogotsu eta indartsu hasi eta bukatu zuen, lehen postua lortu eta honela, Espainiako kopa irabazi du Lesaka trial taldeko kideak.

Espainiako trial kopak lau proba izan ditu eta Uxuri Portuk Cartagenan (Murtzia) martxoaren 18an jokatutako lehenbizikoa irabaziz hasi zuen konpetizioa. Ondoko bietan, ordea, apirilaren 23an Cambrilsen (Katalunia) eta apirilaren 30ean berriz ere Cartagenan bigarren izan zen. Larunbateko proba erabakigarrian ez zuen hutsik egin, ordea, eta kopa eta txapeldunaren maillota Lesakara ekarri du

Uxuri Portu, kopako txapeldunaren maillotarekin.

 

Xabier Valverde ere bikain

Baina Uxuri Portu ez zen bakarrik joan larunbatean Salamanca aldera. Lesaka Trial taldeko Xabier Valverde kadete mailan aritu zen eta lehendabiziko itzulian bikain aritu zen eta laugarren postuan izan zen. Baina bigarren itzulian egindako akats baten ondorioz zazpigarren bukatu zuen. Halere, trialean bigarren urtea bertzerik ez duela kontuan hartuz, bikain aritu da gaztea estatu mailako probetan.

Xabier Valverde, Bejarreko proban.

 

Espainiako kopa bukatu ondotik, Lesaka trialeko txirrindulariek Nafarroako txapelketa jokatuko dute maiatzaren 27an Lizarran eta Espainiako txapelketa ekainaren 10ean Caspen (Aragoi).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun