Adur Tapia nagusitu da Beran 45. Felix Errandonea Memorialean

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 8a, 10:00

Felix Errandonea zenaren omenez, txirrindularitza lasterketaren berrogeita bosgarren edizioa antolatu zuen igandean Berako Gure Txokoa elkarteak. 70 kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten junior mailako txirrindulariek eta Viveros San Anton taldeko Adur Tapia nagusitu zen, Sakana Group taldeko Mikel Regilen aitzinetik. Aranako taldeko Lander Ochoa de Aspuruk osatu zuen podiuma.

Halere, Andde Etxaniz (Viveros San Anton) izan zen ihesaldiko protagonista, lasterketa gehienean bakarrik joan baita aitzinetik. Ia minutu bateko tartea ere atera die bere jarraitzaileei, baina helmugarako kilometro guttiren faltan harrapatu dute, Azken metrotan bi lehenbizikoen arteko lehia estua izan dak baina Tapia nagusitu zaio Regili. Taldekako sailkapenean Sakana Group gailendu da eta bi bildots eraman dituzte saritzat. Izan ere, Berako lehen txirrindularitza proban Felix Errandoneak berak bildots bat eman zuen saritzat. 
Aurtengo sari banaketan, Gure Txokoa elkarteko ordezkariekin batera, Patxi Vila eta 1974an, II. Felix Errandonea Memoriala irabazi zuen Iñaki Agirre Muñoz izan dira sariak ematen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun