Etxalarko V. Mendi Itzulia eginen dute larunbatean

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 4a, 07:00

Etxalarko Mendi Itzulia, 2019an.

Lau urteko geldialdiaren ondotik, bueltan da Altxata elkarteak antolatutako Etxalarko Mendi itzulia. Aurtengoa, bosgarren edizioa izanen da eta maiatzaren 6an eginen da. Mendi itzuli honetan, ohi bezala, bi ibilbide emanen dituzte aukeran (ibilbide motza 24,2 kilometro luze eta 1.510 metroko desnibelarekin eta ibilbide luzea 28,2 kilometro luze eta 1.725 metroko desnibelarekin). Biak plazan hasi eta bukatuko dira.

Luzean, Altxata, Zamateluko mendia, Eskisaroi, Etxebertzeko borda, Domiko gaina, Iturraldeko erreka, Paretazar, Azkua eta Larrezabalen barna ibiliko dira, plazara bueltatu aitzinetik. Motzean, berriz, Altxatatik Etxebertzeko bordara joanen dira zuzenean, ibilbidea lau kilometro laburtuz. Irteera larunbatean 07:30etik 08:00etara izanen da plazatik.

Izen-ematea idekia dago inscripciones.nafarmendi.org helbidean (gaur 22:00 arte) eta egunean bertan ere, 06:30etik 07:45era arte plazan egiteko aukera eskainiko da, 15 euroren truke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun