Lehen altxorra: Haurrak kontent joaten dira ikastolara
Bistan dena. Lagunekin doaz-eta. Zeinek ez du gustuko lagunekin ibiltzea? Ez baita gauza bera oinez doazen bitartean elkarri kontu batzuk erratea, irri, oihu eta salto batzuk egitea… edo zuzenean gurasoen kotxetik ikasgelara pasatzea. Klaseak hasi aitzinetik lagunekin egoten diren tartetxo horrek urrea balio du haurrentzat, erneago eta batez ere lasaiago ailegatzen direlako Ikastolara, eta gelako jarreran eragina duela diote adituek.
Gainera, etxe guztietan komeria berdintsuak izaten baitira goizetan: ernatu, jantzi, erdi-presaka gosaldu, ikastolako motxila hartu eta etxetik abiatzeko nahiko lan! Bada etxetik ateratzeko momentua errazagoa izaten da lagunekin elkartzera baldin badoaz Ehunzangora.
Bigarren altxorra: Taldearen garrantzia
Elkartzea eta taldean joatea garrantzitsua da, iduri duena baino gehiago beharbada. Ikasle batzuk norbere kabuz joaten dira oinez edo bizikletan ikastetxeetara eta hori ongi dago, baina taldean joateak baditu bertze onura batzuk, bizi garen gizarte honetan gero eta beharrezkoagoak direnak gainera. Taldean doazenean, izan ere, adin desberdinetakoak nahasian joaten dira eta elkar ezagutzeko aukera izaten dute. Ehunzango bakoitzean 3 urtetik 12 urtera bitarteko haurrak juntatzen dira egunero. Horrela haien auzokoekin harremanak egiten dituzte, eta batez ere ttikientzat hagitz garrantzitsua izaten da haur koxkorragoen erreferentzia horiek izatea. Horregatik da garrantzitsua handitzen direnean ere ehunzangoetan parte hartzen segitzea, nahiz eta adin batetik goiti gai diren beren kabuz Ikastolara bakarrik joateko.
Bertzalde, taldearen indarraz eta babesaz jabetzen dira ikasleak. Ehunzangoa handia denean, adibidez, karrika guztia hartzen ahal dute eta kotxeek haien gibeletik joan behar dute, oinezkoen erritmoan. Bakarka edo talde ttikietan doazenean, aldiz, espaloirik ez dagoen tokietan kotxeak haien ondo-ondotik pasatzen dira ziztuan, horrek dakarren arriskuarekin.
Hirugarren altxorra: Herria bere egiten dute
Karriketan egunero ibiliz herria ezagutzen dute ikasleek, errepideak gurutzatzen ikasten dute, seinaleak errespetatzen… eta, aldi berean, jendearen aitzinean ikusgarri egiten dira umeak. Eta hori pozgarri da haientzat baina baita herritarrentzat ere. Zeinek ez du gustuko haur multzo batekin karrikan gurutzatzea eta haien irri eta oihuak entzutea? Zer erranik ez inauterietan mozorrotuta baldin badoaz, edo Santa Ageda bezperan makila eskutan eta kantari!
Laugarren altxorra: Herria hobetzen dute.
Oinez joaten den haur bat, kotxe bat guttiago herrian. Gurea herri ttikia izanik ere, gauza jakina da ordu batzuetan herrian auto pilaketa haundiak sortzen direla, eta ikastetxeetako sarrera ordua izaten da horien artean nabarmenena. Horrek arriskua ere badakar berekin, oinezkoentzat eta bizikletaz joaten direnentzat. Ordu horretan kotxe aunitz ibilki delako, haurrak herrian oinez bakarrik ibiltzeak beldurra ematen digu helduoi, eta orduan kotxez eramaten ditugu ikastetxera, kotxe bat gehiago gehituz trafikoari. Horra hor sorgin gurpila. Eta ehunzangoak dira horren aurrean irtenbide eder bat. Beraz, bai, ehunzangoek herria hobetzen dute haien xumean, haurrak oinez lasai ibiltzen ahal diren herria herri hobeagoa delako. Eta bertze adibide xume bat, bide berean: Berako plazako Ehunzangoaren zati bat, Ansonea pareko estrata ttikia hain zuzen, zakur-kakaz betea egoten zen hasieran, eta ehunzangoko partaideak Udalarekin harremanetan jarri ziren inguru horietan karteltxo batzuk jartzeko. Geroztik inguru hori garbiago egoten da herritar guzientzat.