Hizkuntza-ohituretan eragin eta euskara etxekotzearen garrantzia ikusarazteko instalazioak paratu dira bortz herrietan, Borborraldiaren barrenean

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 2a, 12:00

Igantzin paratutako instalazioa, Borborraldiaren barrenean.

Borborraldiak hizkuntza-ohituretan eragiteko asmoarekin, eta gogoeta sustatzeko helburuarekin, etxeko gela desberdinen inguruko instalazioak paratu ditu bortz herrietan: sukaldea, egongela, logelak, komuna… Astebetez bertzelako azalpenik gabe paratu ziren altzari hauek, kuriositatea piztu eta espekulazioari bide emateko.

Berako kabina.

Orain, testu-ingurua eman dio Bor-borrek instalazio horiei, eta euskara etxekotzeko aldarria egin du. Euskara gure etxean, euskaraz gure etxean leloarekin hizkuntza-ohiturei erreparatu eta etxetik euskara sustatzearen garrantzia azpimarratu nahi du. Instalazio bakoitzean euskararen funtzio sozialaz eta erabileraz gogoeta eragiten duten esaldi edo galderak paratu dira.

Lesakako Alondegiko instalazioa.

Hizkuntza-ohituretan eragiteko kolektibitatearen lanaren garrantzia azpimarratu nahi du Bor-borrek, eta hortik Borborraldia bera antolatzea edota Bor-bor lanean hasi izana. Hizkuntza-ohituretan aldaketak gertatzeko baldintza batzuk sortu behar dira, eta hori sustatu nahi du Bor-borrek.

Arantzako plazako instalazioa.

Baina, era berean, norberaren konpromisoetatik ere behar du, eta etxean lanketa egitera gonbidatu nahi ditu herritarrak, norberak hausnartuz zein egoeratan egiten duen euskaraz, euskara erabiltzen ez duenean zergatik den (hautu kontzientea den, kanpoko faktoreek eragindakoa, ohitura sozialak dauden, beldurrak, zalantzak, utzikeria…), edo zein baldintza behar dituen hizkuntza-erabilera horiek aldatzeko. Borborraldiaren ondotik ere ildo honekin lanean segitzeko asmoa agertu du Bor-borrek.

Etxalarko kultur etxeko instalazioa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun