Javier Escagües

«Gazteen artean gauzak egiteko potentziala badago»

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 3a, 12:00
Berako Barraskilo Gazte Taldeko kideak Larhunera egindako irteeran.

Bertso bazkari baten ondotik sortu zen Berako Barraskilo Gazte Taldea. Geroztik, patata tortilla txapelketa eta mendi irteera egin dituzte. Hurrengo ekintza Merkaskilo merkatua izanen da maiatzaren 7an

Sortu zela hilabete gutti diren arren, martxa hartzen hasia da Berako Barraskilo Gazte Taldea. Hurrengo ekitaldia maiatzaren 7an izanen dute, Kiribilekin batera antolatutako Merkaskilo merkatua. Bertako kidea da Javier Escagües gaztea. 

Zer da Barraskilo Gazte Taldea? 

Urtean zehar gauzak antolatzen dituen Berako gazte talde bat da Barraskilo.

Noiz sortu zenuten eta zergatik? 

Azken urtean eta ofizialki azken hilabeteetan (logoa, izena...). Lehengo urtean ideia bururatu zitzaigun, gehien bat bertso bazkari baten ondotik sortu zen arrakasta ikusita. Hor ikusi genuen gazteen artean gauzak antolatzeko potentziala bazegoela.

Zein da taldearen helburua? 

Helburu aunitz ditu: herria ekitaldiekin biziaraztea, gazteen arteko erlazioak sakontzea…

Nondik heldu da izena?

Lehengo gaztetxearen ikurra barraskilo bat zen, eta keinu bezala polita iruditu zitzaigun.

Zenbat gaztek hartzen duzue parte bertan? Eta zein adinetakoak zarete? 

Ez dakit ziur zenbat izanen garen, baina 50 bat bai, eta badira horietaz gain ekitaldi puntualetan animatzen direnak ere. Adin tarteari dagokionez, tartea zabala da, 17  eta 30 urte artean guti goiti-beheiti.

Eta nolakoa da zuen funtzionamendua? 

Zuzendaritza bat dugu. Baina erabakiak eta antolakuntza denen artean egiten dugu. Urteko lanekin azpi taldeak ditugu, eta horrela batzuk gauza batzuetaz arduratzen dira eta bertze batzuk bertzetaz, baina dena talde lanean.

Javier Escagües beratarra Barraskilo Gazte taldeko kidea da. 

Zein dira orain arte antolatu dituzuen ekintzak? 

Patata tortilla txapelketa izan zen gure lehenbiziko ekintza, eta gero urte zahar egunean Larhunera irteera egin genuen. 

Eta zein da balorazioa?

Ona. Tortilla txapelketa antolatu genuenean, jende aunitzek ez zekien nor ginen ere, eta hala ere jende aunitz hurbildu zen. Larhungo irteeran mordoxka bat gazte bildu ginen, 60 gazte baino gehiago.

Eta hemendik aitzinera antolatu nahi dituzuenak? 

Apirilaren 22an sagardotegira irteera izan genuen. Horren ondotik, Merkaskilo merkatua maiatzaren 7an eta gazte eguna maiatzaren 27an eginen  ditugu. San Juan bezperako su egunean ere zerbait antolatu nahi dugu. Hala ere, burua ideiez beteta dugu eta baliteke zerbait gehiago antolatzea.

«Edozertan laguntzeko prest gaude beti» 

Kamisetak ere atera dituzue. Zer harrera izan dute? 

Bai, egia erran hagitz ona. Gure ikurra eta izena hor barna ikustea polita da.

Maiatzaren 7rako merkatua antolatu duzue Beran. Nolakoa izanen da? 

Merkatua Berako kanpo gorrian izanen da goizeko 10:00etan hasi eta 15:00ak arte. Denetarik egonen da, gehienak artisau eta ekoizleak, baina, komertzio ttiki eta bigarren eskuko posturen bat ere bertan egonen da, baita tatuajeak egiteko aukera ere. Inguruan egindako bitxiak, apaingarriak, eskuz egindako artelanak, taloak, garagardoa, elikagaiak… eta noski gure kamisetak erosteko aukera.

Udara begira zerbait antolatzeko asmoa duzue? 

Oraingoz San Juan suak eta Berako bestak.

Abuztuan izanen diren Berako bestak aipatu dituzu. Nola hartuko duzue parte?

Gehien bat txosnagunearen antolaketan, musikarekin... Hala ere, edozertan laguntzeko prest gaude beti. 

Zuen taldeko kide izan nahi duenak, zer egin beharko luke? 

Aski da hurrengo bilerara agertzea eta parte hartzea, ez dugu deus gehiago eskatzen.

Gehitu nahiko zenukeen bertze zerbait? 

Adin ezberdinetako gazteak animatu nahiko genituzke antolakuntzan eta ekitaldietan parte hartzera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun