Espezia eta infusio tailerra antolatu du Lesakako San Fermin erretiratu elkarteak

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 3a, 13:00

Urteak daramazki San Fermin elkarteak ibilaldi arautua antolatzen. Argazkia 2015ekoa da.

Maiatzaren 13an eginen duten ikastaroaren aitzinetik, larunbat honetan ohiko ibilaldi arautua izanen dute

Ez daude geldirik egoteko Lesakako San Fermin jubilatu elkartekoak. Apirileko ipar martxa ikastaroaren eta Gesaltza Añanako irteeraren ondotik, maiatzean ere zenbait ekitaldi antolatu dituzte. Bereziena, maiatzaren 13an, larunbatean 10:00etatik 13:00etara jubilatuen ostatuan eginen duten espezia eta infusio tailerra izanen da. Egunerokoan landareak eta espeziak erabiltzen ikasiko dute, baita hauen propietateak, sukalderako erabilerak eta hainbat bitxikeria. Ikastaroaren prezioa 15 eurokoa da (bazkide ez direnek 30 euro) eta txartelak erosteko azken eguna maiatzaren 8a da.

Maiatzaren 6an ibilaldi arautua

Honen aitzinetik, maiatzaren 6an, ohiko ibilaldi arautua eginen dute. Larunbatean 09:30ean hasita eginen da izen-ematea eta 10:00etan abiatuko dira lehen ibiltariak Alondegiko arkupetatik eta Harriondoa, Sumusa, Kastillobaita, Matxitenea, Txakaingo zubia eta Txakaingo Iturriraino joan ondotik, ibilbide bera eginez eginen dute elkarterainoko itzulera. Ibilbidea bukatzean, pintxoa emanen zaie parte-hartzaileei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun