Sanferminetako kartel eta programaren azal lehiaketa deitu du Lesakako udalak

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 1a, 11:00

Bi hilabete bertzerik ez dira falta sanferminetarako eta bestak iragartzeko kartel eta programaren azalerako eta gibeleko alderako lehiaketak deitu ditu Lesakako udalak.

Lanak maiatzaren 19ra bitarte bidal daitezke eta irabazleek 250 euroko saria izanen dute

Bi hilabete bertzerik ez dira falta eta 2023ko Sanferminetako programaren azala eta bestak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketa deitu du Lesakako udalak, herrian sortu edota bertan bizi direnentzat. Lanak udal bulegoetan aurkezteko epea maiatzaren 19ko 13:00etan bukatuko da, lehiaketa hauetan ohikoa den sistema erabiliz.

Aurten ere azalaren neurria 210x210 mm-koa izanen da osotara (3 mm-ko tartearekin). Kartela DINA2 neurrikoa (420x594 mm-koa) izanen da. Derrigorrez, ‘Lesaka 2023ko Sanferminak’ agertu beharko du bietan.
Kartel nahiz azal lehiaketen irabazleek 250 euroko saria izanen dute. Kartela argitaratu eginen da eta azaleko lehen saria programaren aitzineko azalean joanen da.

Bertze aldetik, gibeleko azala aukeratzeko, Lesakan jaio edo bertan erroldatuak dauden 6 urtetik 12ra bitarteko haurrei zuzendutako portada lehiaketa ere deitu du Udalak. Hauen lanak ere (210x210 mm-ko formatuan) maiatzaren 19rako aurkeztu beharko dira udal bulegoetan. Irabazlearendako saria, Lesakako dendetan eskolako materiala erosteko 100 euroko balioa duen saria izanen da, eta irudia programaren gibeleko azalean argitaratua ikustea, noski.

Herri bozketak erabakiko ditu irabazleak

Aurkezten diren lan guztiekin erakusketa bat osatuko da. Azken urteetako ohiturari eutsiz, herri bozketak erabakiko du lehiaketa. Horretarako, erakusketak irauten duen bitartean, bertan, bozka emateko aukera izanen dute Lesakan jaioak edo bertan erroldatuak direnak. Honetaz gain, udalaren webgunearen bidez ere bozkatzeko aukera izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun