Aurten Harriondoa kultur etxeak lehen hamarkada beteko du martxan paratu zenetik. Urtemuga hori abiapuntu hartuta, Hamar urte Hamaika dinamika proiektua martxan paratu du Sorginxulo Lesakako kultur bilguneak Lesakako Udalaren laguntzaz, urte osoan gauzatuko dena. Kultur egitarau honetako bigarren emanaldia izanen dute apirilaren 30ean Harriondoa kultur etxean, Neomak taldearen kontzertua. Igandean 19:00etan hasiko da emanaldia. Emanaldirako sarrerak agortu dira dagoeneko.
Neomak
Neomak musika taldea 2019an sortu zuten folk taldea da, pandero eta perkusiotik abiatu eta abangoardiara jotzen duena, bai estetikoki eta baita musika aldetik ere. Zazpi partaide ditu.
Trikitilari txapelketatan bikoteka aritu ondotik, Kepa Junkeraren Sorginak panderojole taldearen inguruan bildu ziren 2014an. Munduan zehar birak egin zituzten trikitilari bizkaitarrarekin; Washington, Krakovia, Danimarka, Alemania, Frantzia, Portugal, Maroko... Junkerak 2018an ezbeharra izan zuenean proiektua bertan behera gelditu zen eta zazpi trikitilarik Neomak taldea eratu zuten. Kontzertu ugari eman dituzte eta 2022an diskoa atera zuten, taldearen izena daramana.