Ekainaren 9ra arte aurkezten ahalko dira 'Berako Oihua' aldizkariko lanak

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 28a, 16:00

Lanak formatu digitalean bidaltzeko eskatu dute, ahal dela

Berako bestetako programarekin batera, Berako Oihua aldizkaria kaleratuko du Berako Udalak azken urteetan bezala. Eta aldizkarian publikatzeko artikuluak bidaltzeko epea ere ireki dute. Ekainaren 9a izanen da lanak bidaltzeko azken eguna eta euskaraz zein gaztelaniaz bidaltzen ahal dira, nahiz eta euskarazkoek lehentasuna izanen duten. Antolatzaileek lanak euskaratzeko eskubidea izanen dute hala nahi izanez gero. 

Lanak gehienez ere DIN A4 formatuko bi orrialdeko luzera izaten ahal du eta irudi edo argazkiz lagunduak joaten ahal dira. Gainera, jorratzen diren gaiak Berarekin erlazionatuak izan behar dute: historiarekin, kulturarekin, herriko eragileekin, bitxikeriekin... 

Ez dute onartuko pertsona edo talderen bat mindu edo iraindu dezakeen testurik, eta kasu horretan Berako Udalak eta Kultur Batzoordeak testu horiek baztertzeko eskumen osoa izanen du. Gainera, bi horiek ez dute zertan bat etorri behar aldizkarian argitaratutako iritziekin. 

Lanak bidaltzeko azken eguna ekainaren 9a, ortziralea izanen da eta kultura@bera.eus helbidera bidali behar dira, edota bertzela Kultur Etxera eraman. Bigarren kasu horretan ahal dela lanak formatu digitalean eramateko eskatu dute. 

Testuarekin batera egilearen izen-abizenak eta nortasun agiria bidali beharko dira nahitaez. Hauekin batera goitizenak paratu ahalko dira baina betiere  izen-deiturak paratuz gero. Elkarte edota erakunde baten izenean idazten denean, horien zena paratuko da baina beti erakunde horren izenean norbanako batek sinatu beharko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun