Igantziko IrriSarri Land parkean Baso bainuaren ibilbidea sortu dute, «naturarekin oraindik eta gehiago konektatzeko». Itziar Insausti (Iruñea, 1977) antropologoa, hezitzaile artista eta bainu terapeutak diseinatu du baso bainua eta ura, lurra, airea eta sua elementuak aintzat hartuta garatu du. 75 minutuko ibilbidea da, eta naturan oinarritutako interbentzioa izanik, «modu kontziente batean naturari so egitea eta bertze begirada batekin begiratzea du helburu».
Alegia, arnastea, sentitzea, ukitzea.
2050eko Jasangarritasun Agendaren metodologia aintzat hartuta sortu den Baso bainua da. Hala, estatu espainiarrean lehena da eta Europako lehenengoetakoa, horrela diseinatua eta garatu izan dena. Insaustiren erranetan «naturaren konexioa gure gizartearen esparru ezberdinetan konektatzeko bide berriak sortzen dira. Baso bainu hau ere horretarako bidea da. Gaur zinez pozik nago, hemen, nire Nafarroa maitean, metodologia berritzaile batean oinarritutako baso bainua aitzindaria aurkezten dugulako basoek ematen diguten ongizate eta jasangarritasunean fokua jarriz».
Baso-bainuek osasunean duten eragina argia da: bertzeak bertze, presio arteriala jaisten laguntzen dute, sistema immunologikoa indartzen dute, estresa murrizten dute, eta arreta eta oroimena ere hobetzen dituzte eta zoriontasuna eragiten dute.
Baso bainuaren ibilbidea jarraitzeko Insaustiren ahotsarekin grabatutako hainbat audio entzun daitezke euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Bakoitzak helburu zehatz bat du, baina guztiak natura entzun eta barneratzeko gonbidapenak dira. Lolo Carrillo IrriSarri Land-eko zuzendariaren erranetan «parkearen eskaintza zabalean, natura beste modu batera entzuteko eta bizitzeko aukera ematen duen ibilbide ederra da gaur aurkezten ari garena. Balio erantsia ematen dio eta gure helburua beti izango da, IrriSarri Landen eskaintza zabala eta kalitatezkoa egotea».
Hamargarren denboraldia
Irrisarri Landeko hamargarren denboraldia martxoan hasi zen, eta aurten 3-6 urte bitarteko haurrentzat ere arborismo txikia eraiki dute.