Hurrengo asteetan, bi zubi eraikitzeko lanak esleituko ditu Berako Udalak. Lehenengoa Lamixenen eraikiko dute, Zia auzoan, izen bereko errekaren gainetik, Anguleroa eta Pio Baroja karrikak lotuz. Oinezko eta txirrindularientzako pasabide bat izanen da. Mugikortasun aldetik garrantzi handiko obra da. Gaur egun, Lizuniagako errepidearen inguruan bizi diren bizilagunak, Altzatera oinez edo bizikletaz joateko, errepidez joan behar izaten dute arrisku handiak hartuz. Trafiko handiko errepidea da, eta oinezkoentzako desegokia eta arriskutsua. Zubi berriarekin, angulerotik Pio Baroja karrikara pasaz, karrika honetatik egin dezakete oinezkoek herrirako bidea, lasaiago eta seguruago. Obra hau 89.475,20 eurotan aterako da esleipenera.
Bigarren zubia Eltzaurdia auzoan moldatuko dute, Xantelerrekan. Zubi hau auzorako sarrera garrantzitsuena da. Hagitz estua da, kurba bat egiten du, eta azken uholdeetan kaltetua izan da. Zubia guztiz berritzea aurreikusten da. Modu honetan zubiak behar bezalako zabalera ere izanen du, eta erosotasunean eta segurtasunean irabaziko da. Obra hau 107.041,01 eurotan aterako da esleipenera.
Bi lanen gastuei aitzin egiteko, udalak gerakinetik hartuko du dirua. Horrela erabaki zuen udal gobernuak martxoaren 22an egindako osoko bilkuran, gehiengo osoz.
Ur sarea berritzeko lanak
Zalaingo depositutik Foruen Plazara berritu nahi den 1.430 metroko luzera duen ur hornidura sare berria, urgentziazkoa izendatu zuen Nafarroako Gobernuak apirilaren 19an egindako saioan. Modu honetan, ur sare berria eraikitzeko egin behar diren lur eremuen desjabetzeak, urgentziaz egitea ahalbidetu du gobernuak. Obra hau uztailaren hasierarako esleitua egotea espero dute. Proiektuak 483.676,29 euroko kostua du, eta diru honen %80a gobernuak ordainduko du Next Generation Europako dirulaguntzen bidez.