Aimar Azpirozek eta Naiara Irigoienek irabazi dute Arantzako IV. Mendi Lasterketa

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 24a, 13:00

183 lasterkarik izena eman eta 155 lagunek bukatu zuten atzo Ekaitza Elkarteak antolatuta Arantzan egin zen mendi lasterketa. Gizonezkoetan Aimar Azpiroz, Hodei Lujanbio goizuetarra eta Jabier Arangurenek osatu zuten podiuma eta emakumezkoetan Naiara Irigoien, Leire Fernandez eta Ane Eltzaurdia beratarrak. Emakumezkoetan Xabier Zubieta Saria ere Ane Eltzaurdia beratarrarentzat izan zen eta gizonezkoetan Dani Iparragirre aranztarrarentzat.

Aro bustia bezain ederra izan zuten atzo Arantzako Mendi Lasterketan. Lasterketan parte hartzera Zumarragatik etorritako Gorkak kantatutako bertsoaren eta proba hasteko botatako suziriaren ondotik, plazan bildutako herritarren txalo eta animo oihu artean, 09:30ean puntual eta ziztu bizian abiatu ziren lasterkariak. 20 kilometroko eta 1.300 metroko malda duen ibilbidea zuten egiteko, herritik abiatu eta Zepuru, Illurdi, Ekaitza, Ibintza eta Ollargatatik pasatuz Aientsatik barna, Arruzpira jaitsi ondotik, herriko plazan zegoen helmugan probari akabaila emateko. Tartean izandako euri erauntsiak ez ziren traba izan lasterkarientzat.
 
Helmugaratzen lehenbizikoa Aimar Azpiroz izan zen, ordu bat 43 minutu eta 34 segundotan osatu zuen  ibilbidea. Hodei Lujanbio goizuetarra bigarren sailkatuak ordu bat, 44 minutu eta 57 segundo behar izan zituen eta podiuma osatu zuen Jabier Arangurenek ordu bat, 45 minutu eta 6 segundotan bukatu zuen.
 
Emakumezkoetan, berriz, Naiara Irigoien  izan zen bizkorrena, ordu bat, 57 minutu eta 16 segundoko denbora egin ondotik. Leire Fernandezek bi ordu, 10 segundo eta 56 segundo behar izan zituen eta hirugarren izan zen Ane Elzaurdia beratarrak bi ordu, 14 minutu eta 6 segundo.
 
Sariei dagokienez, lehenbiziko emakume eta gizonezkoek 120na euro eta zapela; bigarrenek 80na euro eta hirugarrenek 50na euro hartu zituzten, baita lore sorta bana ere.
 
Ekaitzako kaskotik lehenbiziko pasatu ziren Bortzirietako lasterkariek Xabier Zubieta Saria hartu zuten. Dani Iparragirre aranztarrarentzat eta Ane Eltzaurdia beratarrarentzat izan ziren. Iparragirre ordu bat eta 47 segundoz ailegatu zen Ekaitzara. Eltzaurdia, berriz, ordu bat,11 minutu eta 55 segundotan. 
 
Opariak ere zozketatu zituzten lasterkarien artean: jertseak, motxilak, kantinplorak eta 50 euroko bi bonu.
 
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun