Euritan dantzan, kantuan eta borroka feministaren alde lanean ibili dira Lesakako Xulubest egunean

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 24a, 12:30

Xulufrinak Lesakako Sare Feministak antolatuta Xulubest eguna ospatu dute apirilaren 22an. Larunbat euritsua izan zuten, baina horrek ez zuen besta eta aldarrikapena uztartu zituen egitarau zabala zapuztu.

Hasteko, goizean diana izan zuten emakume txistulariekin. Ondotik bisita gidatu feminista interesgarria egin zuten herrian barrena, Mattane Rodriguez Etxabide gidari zutela, herriko zenbait leku berezitan Felixa Etxabide bere amaren laguntzarekin. Bazkaria herriko etxeko arkupetan egin behar izan zuten. Ondotik, emakume sortzaileen mikro irekia izan zuten, ekarpen politekin eta auto-zaintza saskiaren zozketa. 411 izan da zenbaki sariduna, baina oraingoz ez da saridunik agertu. Astebeteko epea izanen du saria eskuratzeko. Badaezpada, ordezko zenbaki bat ere bada, 059a. Arratsaldean poteo umoretsua izan zuten, Goxo txarangaren doinuekin eta gauerditik aitzinera, eguna borobiltzeko Aduana Marrana DJaren eskutik musika izan zuten Arranon.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun