Dena prest igandean Arantzako Mendi Lasterketa egiteko

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 21a, 15:00
2019an egin zen azken aldiz Arantzako Mendi Lasterketa.

Igande honetan, apirilaren 23an, laugarren aldiz, mendi lasterketa eginen dute Arantzan. Lasterkariak 09:30ean abiatuko dira plazatik eta 20 kilometroko distantzia eta 1.300 metro dituen lasterketa osatu beharko dute. Bidean Zepuru, Illurdi, Ekaitza eta Ibintzako tontorretatik pasatuko dira, eta Oilargatatik pasatu ondotik Arruzpira jautsiko dira berriz herrira igo aitzinetik. 

Bidean lau anoa-postu izanen dituzte:

  1. Zepurun, ibilbideko 4,5. kilometroan edatekoa.
  2. Ekaitzan, 10. kilometroan jatekoa eta edatekoa.
  3. Oilargatan, 14. kilometroan, jatekoa eta edatekoa.
  4. Helmugan jatekoa eta edatekoa.

Helmugara ailegatzeko gehienezko denbora hiru ordu eta 15 minutu izanen da. Lehenbiziko hiru postuetan ailegatzen diren emakumezkoek eta gizonezkoek saria izanen dute, eta horrez gain, Ekaitzako kaskotik pasatzen den Bortzirietako lehenbiziko lasterkariak Xabier Zubieta Saria hartuko du.

Dortsalak

Lasterkariei igandean berean emanen dizkiete dortsalak, 08:00etatik 09:15era plazan. Han izanen dute gauzak uzteko kontsigna.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun