Aste eta erdiz egon da irekita Lesakako turismo bulegoa eta bertan dagoen Burdinaren Museoa. Guztira 352 pertsonek bisitatu dute bulegoa eta museoa, iazko Aste Santuko datuak bikoiztuz eta pandemia aitzineko datuak gaindituz. 2019arekin alderatuz, %97ko igoera egon da eta 2022arekin konparatuz %132koa.
Gehienbat Euskal Herritik etorritakoak izan dira bisitariak, batik bat Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaitik. Hala ere, azpimarratzekoa da Bartzelonatik etorri diren turistak (69 guztira, iaz baino zortzi aldiz gehiago). Hauez gain, estatutik kanpokoek ere bisitatu dute Lesaka. Hauek bisitari guztien % 5a izan dira. Datuak hartzen direnetik lehenengo aldiz, Alemaniatik bisitari gehiago izan dira Frantziatik baino.
Gehienak herria eta zonaldea ezagutzera etortzen dira eta turismo bulegoan honi buruzko informazioa jasotzen dute. Mendiko txangoetan ere jarri dute interesa turista aunitzek. Nabarmentzekoa da ere Burdinaren Museoa espreski bisitatzera 120 pertsona hurbildu direla (iaz baino sei aldiz gehiago).
69 lagun sei bisita gidatuetan
Honez gain, Aste Santu honetan sei bisita gidatu antolatu dira herrian barna. Lesaka: gure kulturaren sorterria izenburuarekin, 69 pertsonek hartu dute parte, iazko urteko datuak gaindituz.
Orain, turismo bulegoa eta Burdinaren Museoa itxita egonen dira, baina udako denboraldian berriro ateak irekiko dituzte eta bisita gidatuak ere eskainiko dituzte. Informazio guztia eta datak webgunean (www.lesaka.eus), herritik barna paratuko dituzten karteletan eta udaleko sare sozialetan argitaratzen joanen dira (@lesakakoudala eta @lesakaturismoa Facebook eta Instagram-en).