Bira Nafarroan Barna ekimenaren hirugarren edizioa aurkeztu zuten apirilaren 20an eta aurten ere Nafarroan sortzen ari den musika eszena bultzatuko du. Zikloa Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentuak sustatu du, NICDO sozietate publikoaren eta Navarra Music Commission musika-bulegoaren bitartez, eta 30 kontzertu eskainiko ditu Nafarroako 30 herritan, 17 artista eta talde berri aurkeztuz. Eskualdean Lesakako Harriondoa kultur etxera bakarrik ailegatuko da, azaroaren 29an Uharte-Arakilgo Ane Martija bakarlariak eskainiko duen kontzertuarekin, baina Pleura taldeak (urriaren 27an Uharten eta azaroaren 11n Etxarri Aranatzen) eta Joseba Irazokik (azaroaren 18an Lizarran eta azaroaren 19an Agoitzen) ere parte hartuko dute.
Programazioa osorik zehaztu zuten ortzegun goizean, prentsaurrekoan, Kultura eta Kirol kontseilari Rebeca Esnaolak, NICDO sozietateko Proiektu Estrategikoen zuzendari Javier de la Fuentek, eta Artikako kontzejuko lehendakari Cristina Recalde Vallejok. ‘Bira Nafarroan Barna’ren egutegia, bi faseren arabera finkatu da: udaberrian (apirilaren 28tik ekainaren 2ra) eta udazkenean (irailaren 21etik azaroaren 24ra).
Taldeak, udalerriak eta datak
2023ko bi denboralditan zehar, Bira Nafarroan Barna programak 30 eskainiko ditu, zuzenean ondorengo artistak aurkeztuz: Raul Vital (apirilak 28, Artikan eta urriak 1 Murchanten), Javi Robles (apirilak 29 Etxaurin eta urriak 28 Alesbesen), Superacid (maiatzak 5 Aibarren eta irailak 23 Castejonen), Shady Bluejays (ekainak 3 Martzillan eta azaroak 24 San Adrianen), Beietz! (maiatzak 13 Antsoainen eta azaroak 10 Atarrabian), Ane Martija (maiatzak 20 Zangozan eta azaroak 29 Lesakan), Kai Etxaniz (maiatzak 27 Azkoienen eta urriak 13 Zizur Nagusian), Raimundo el Canastero (ekainak 2 Irurtzunen eta urriak 21 Vianan), M de Runa (irailak 21 Barañainen), MDR Madurga (irailak 29 Azagran), Mon DVY (irailak 30 Los Arcosen), Alejo (urriak 6 Tuteran eta azaroak 3 Cintruenigon), Cobardes (urriak 7 Ribaforadan eta urriak 20 Tafallan), Nublar (urriak 14 Faltzesen), Pleura (urriak 27 Uharten eta azaroak 11 Etxarri Aranatzen), Guarimba (azaroak 4 Noainen eta azaroak 17 Aritzalan) eta Joseba Irazoki (azaroak 18 Lizarran eta azaroak 19 Agoitzen).
Edizio berri honetako kontzertuen programazioa www.culturanavarra.es webgunean eskura dago dagoeneko eta halaber zikloaren karteldegian jarritako QR kodetik kontsultatu ahal izanen da.