Borborraldiari hasiera eman dio Amelia Barquinen trebakuntza-saioak

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 20a, 11:00
40 bat euskaltzalek parte hartu dute asteazkenean Barquinen emandako bi saioetan.
Testua eta argazkiak: Bor-bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimendua. 
Amelia Barquin Mondragon Unibertsitateko irakasleak eskainitako trebakuntza-saioarekin eman genion hasiera atzo Borborraldiari. Goizean, hamabortz bat eragile instituzionalek parte hartu zuten Lesakan egindako saioan, eta arratsaldean, Beran, 25 herritar eta gizarte eragile izan ziren saioan.
 
Euskara harrera-hizkuntza trebakuntzan kulturartekotasuna, euskara, generoa, klasea eta jatorria izan zituen mintzagai Barquinek. Gogoeta eragiteko saioak izan dira, eta gurera kanpotik bizitzera etorri direnei, eta bereziki haien seme-alabei egiten diegun harreraz, eta hizkuntzak harrera horretan duen lekuaz hausnartzeko balio izan du saioak. 
 
Azken 25 urteotan migrazio-prozesuak azkartu dira gurean, eta horren ondorioz, bertzeak bertze, euskaldunen dentsitate altuko herrientzat (Bortzirietakoak, erraterako) erronka berriak agertu dira, gure herrietako kultur eta hizkuntza aniztasuna aitortuta, etorri berriak euskarara eta euskal kulturara hurbiltzekoa, eta belaunaldi berriak euskalduntzekoa.
 
Euskaratik hurbiltzeko beharra azpimarratu zuen saioan, are gehiago, gaztelania bezalako hizkuntza hegemoniko batean bizi garenean. Eskolak jokatu beharreko papera azpimarratu zuen Barquinek, eta horretarako irakasleengan eta gurasoengan fokua paratzeko beharra azpimarratu zuen. Gisa berean, aisialdiak jokatzen duen papera nabarmendu zuen, eta espazio eta une horietan ere ematen den bereizketari arreta paratzeko eskatu zuen, errekurtso gutieneko haurrek euskarazko aisialdirako eskaintzara ailegatzeko dituzten zailtasunak aisa nabarmenagoak baitira. Aisialdian jatorri desberdineko haurrak elkarrekin egotea zeinen garrantzitsua den adierazi zuen Barquinek. Ondorio bat ere nabarmendu zuen: egoera horrek dakar, bertzeak bertze, haur horiek pantailen bidezko kontsumo handiagoa egitea, eta hor euskaraz ez du batere lekurik. Horrek zuzen-zuzenean eragiten du euskararen erabileran. 
 
Bertze jatorri bateko pertsonekin aritzerakoan alderdi kulturalak, eskolaratze egoerak, desabantaila ekonomiko eta sozialak, eta arrazakeria eta diskriminazio egoerei erreparatzeko eskatu zuen, ondorio emozionalak izan baititzake. Trataera inklusiboak behar direla azpimarratu zuen. Era berean, etnikoki jokatzeko eskatzen diegula, eta performance etnikoak saihesteko gomendatu zuen, eta eraikuntza sozial aunitz deseraikitzeko premiaz aritu zen. Galdera bat bota zuen saioan: noiz uzten diote etorkinen seme-alabek etorkinak izateari? Horretarako guztirako identitate pluralak eraikitzeko eta onartzeko beharra azpimarratu zuen, bertakoa ere izateko aukera emanez, jatorriarekiko lotura ere sentitu ahal dezaten, eta askotariko pertenentziak onartzeko, ez baita beharrezkoa bat aukeratu eta bertzeak bazter uztea. Bertzeekin elkarrekintzan eraiki beharreko identitatea aldarrikatu zuen.

 

Borborraldia maiatzaren 6a bitarte

Borborraldiak maiatzaren 6a bitarte iraunen du, eta programa zabal baten lehenbiziko ekitaldia izan da trebakuntza-saio hau. Aste honetan berean herriz herri ibiliko den erakusketa ikusi ahal izanen da, lan-munduan eragiteko gogoeta proposatzen duena. Asteburu honetan, apirilaren 22 eta 23an Lesakan ikusi ahal izanen da erakusketa; hurrengo asteburuan, berriz, 28an Arantzan egonen da, 29an Igantzin eta 30ean Etxalarren; eta hondarreko asteburuan, maiatzaren 5 eta 6an Beran egonen da.
 
Heldu den astean zehar ere gurasoekin topaketak eginen dira ikastetxe guztietan. Informazio eskola bakoitzak emanen die gurasoei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun