Herrian hainbat lan egiteko diru-laguntza eskaria egin du Lesakako udalak, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazio Departamentuak kudeatzen duen Toki Inbertsio Planaren barrenean.
Honela, ur kontadore berriak eta telegestioa; Alkaiagako saneamendu lanak; Zarandia karrikan Ziobitik goiti doan malda eta Beheko Plazatik Zabaleta dorre alderako bidearen zolaberritzea, Bittiria karrikan espaloiak hobetu eta saneamendu, euri urak eta ur-hornidura sareen hobetzea (Euskadiko Kutxatik Atxaspira bitarteko zatian); Albistur karrikan, Legarbaratzetik Ziobiraino espaloiak hobetu eta saneamendu, euri urak eta ur-hornidura sareak hobetu; baserrietako bideak (Sastrin, Peuran eta Iriburuta), Herriko Etxeko leihoak moldatu; Eskolttikiko obrak (igogailua paratu eta efizientzia energetikoaren hobekuntza lanak) eta autokarabanentzat eremua egitea dira udalaren asmoak. Orain ikusi beharko da zein lanetarako eta zenbateko dirulaguntza lortzen duen udalak.
Argiteria aldatzea
Bertze alde batetik, herriko argiteria guztia aldatzeko dirulaguntza ere hartu du udalak. Lanaren aurrekontu osoa 264.177,62 eurokoa da eta eta hauetatik 224.550,98 euro IDAEko dirulaguntzen bidez lortu da. Egin beharreko lanen zati bat dagoeneko egina dago eta horretarako ere dirulaguntza izan da.
Herritarren Arreta Bulegoa
Herriko Etxearen beheitiko solairuan Herritarren Arreta Bulegoa paratu dute. Udal bulegoen ordutegi berean irekiko dute (07:30-15:00) eta bi udal langile ariko dira.