Zehazki, Pentsionisten Mugimendutik eskatzen dute «1.080 eurokoa izan dadila guttieneko pentsioa, 14 ordainsaritan banatua». Astelehenero hamarnaka plazetan aldarrikatzeaz gainera, bertze mobilizazioak eginen dituzte heldu den hilabetean. Hasteko, maiatzaren 13an manifestazioak deitu dituzte hiriburuetan, iragarrita dagoen pentsioen erreforma bertan behera utzi dezaten. Gasteizen, berriz, elkarretaratzea deituta dute maiatzaren 25ean, guttieneko pentsioak osatzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari buruzko Legebiltzarreko eztabaida dela eta. Iruñean, gai hauetaz eginen den mobilizazioa maiatzaren 29an izanen da. Maiatzaren 15ean, hauteskunde kanpainaren ingurumari hori aprobetxatuz pentsionisten batzarra eginen dute, 09:30etik aitzinera, Iruñeko Kondestablearen Jauregian.
Baztan-Bidasoko Pentsionistak Mugimenduaren arabera, «Osasungintza arloan jendea gogotsu mugitu da, osasun publiko, arreta duina eta lan baldintza duinen alde. Arloko langileak herri guztietan atera dira kanpora. Honek argi erakusten du jendea ez dagoela osasun zaintza edozein modura kudeatu dezaten onartzeko». Hutsik zeuden mediku eta erizain lanpostu batzuk bete badituzte ere oraindik denak osatzeko borrokan segitu beharra dela uste dute. Bertzalde, EAEn Osasun Publikoaren alde mobilizazioak iragarri dituzte apirila 22rako. Pentsionisten mugimendutik ere «konprometituta gaude zaintza erabatekoa eta duina izan behar dela», eta osasun arloko langileekin elkarlanean arituko dira.
Zaintzaren bertze esparru bat da adinekoen egoitzen zaintza. Bertako langileak kanpora atera dira, lan hitzarmenaren negoziaketa blokeatuta dagoela salatzeko. Ezinbertzekoa ikusten dute lehenbailehen adostea lan hitzarmen duin bat, horrek lagunduko baitu beren lana modu txukunean egitea.
Erdiz Bizirik plataformak deitutako manifestazioarekin bat
Ingurumenaren zaintzari buruz ere badela non lagundu diote pentsionistek eta bi hitzordu aipatu dituzte: Bata joan den larunbatean egin zena, Behobia-Biriatun, AHTren aurkako borrokari atxikiz, Ipar eta Hegoaren oposizioa bat eginez. Eta bertzea, heldu den larunbatetarako deitu dena, Erdiz Bizirik plataformak deituta, Iruñean arratsaldeko bortzetan, Antoniutti parkean. Eskualde honetan parke eolikoak jartzeko asmoak ere gogoeta eta hausnarketa sakonak egitea eskatzen du, jende guztien parte hartzearekin. Beraz, «erronka latzen aitzinean gure parte hartzea ezinbertzekoa da, erabakiak modu partekatuan eta ingurumenari errespetatuz har daitezen», dio Baztan-Bidasoko Pentsionistak mugimenduak.