Nafarroako Gobernuak, Vianako Printzea Erakundeko Kultura Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, 724.650 euroko laguntzen deialdia ebatzi du, Next Generation EB funtsen babesean, Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan, Nafarroako hiri eremuetatik kanpoko kultura eskaintza zabaldu eta dibertsifikatzeko proiektuetarako. Horien artean, Lesakako Roqués Organoaren Lagunak eta Led Silhouette dantza konpainia lagunduko ditu.
Zehazki, Lesakako Roqués Organoaren Lagunak elkarteak 28.553,82 euroko dirulaguntza hartuko du, Lesakako organoaren inguruan antolatzen dituen jardueretarako eta Led Silhouette dantza konpainiak 40.000 euro koreografia sormen prozesurako.
Ebaluazio irizpideen artean kontuan hartu dituzte proiektuaren kalitatea, interesa eta izaera berritzailea, baita izaera parte-hartzailea eta eraldatzailea ere. Bertze hauek ere baloratu dituzte: biztanle kopurua, sortutako enplegua, elkarte sarearen inplikazioa eta Nafarroako kulturako profesionalen parte-hartzea, bertzeak bertze, baita proiektuaren eraginak neurtu eta ebaluatzeko tresnak ere.