Nafarroako distantzia erdiko duatloi txapelketan beteranoen bigarren mailan txapeldun izan da Bixente Igarzabal lesakarra

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 17a, 09:00

Bixente Igarzabal igandean Vianan, lasterka egindako zatietako batean.

Beti Gazteko kirolaria bitan igo da podiumera apirilaren 16an Vianan, hirugarren izan baita txapelketa nagusian

Vianako duatloia jokatu zen apirilaren 16an eta Nafarroako distantzia erdiko duatloi txapelketa bertan erabaki zen. Aspaldian duatloi batean aritu ez bazen ere, Beti Gazteko Bixente Igarzabal lesakarrak parte hartu zuen eta, gainera, joan den urtekoa errepikatuz, bitan igo zen podiumera. Izan ere, txapeldun izan zen 50 eta 59 urteko kirolariak biltzen dituen beteranoen bigarren mailan eta hirugarren txapelketa nagusian.

Distantzia erdiko duatloi honetan 15 kilometro lasterka, 75 kilometro bizikletan eta azken 9,5 kilometroak berriz ere lasterka egin behar izan zituzten kirolariek. Igarzabalek 3 ordu, 42 minutu eta 31 segundo behar izan zituen ibilbide osoa egiteko: 52 minutu eta 55 segundo behar izan zituen lehen zatian lasterka; bi ordu, 8 minutu eta 48 segundo bizikletan eta 37 minutu eta 38 segundo azken lasterkaldian.

Bixente Igarzabal, bizikletako zatian.

 

Honela, aipatu bezala, txapeldun izan zen beteranoen bigarren mailan eta hirugarren txapelketa nagusian, Saltoki Trikideak taldeko Joseba Del Barrio eta Sakana Triatloi Taldeko Sergio Garcia de Eulateren ondotik.

Igarzabal Nafarroako duatloi txapeldun, bigarren mailako beteranoetan.

Beti Gazteko kirolaria hirugarren izan zen Nafarroako duatloi txapelketako sailkapen nagusian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun