Eskuragarri zeuden dortsal guztiak agortuta, 500 korrikalari baino gehiagok hartuko dute parte igandean Berako Mendi Maratoi Erdian. Lasterkari horietatik 34 izanen dira beratarrak.
Gizonezkoetan, Oier Ariznabarreta, Berako maratoi erdiko azken zazpi edizioetako irabazlea, irteeran izango da bere zortzigarren garaipena lortzeko asmoz. Durangoko korrikalariak ia ez du aurten mendi lasterketarik egin, baina, garaipena lortzean izanen du helburu.
Emakumeetan, aldiz, azken txapelduna ez da Beran izanen, bai, ordea, pasa den larunbatean Kanarietako La Palma uharteko Reventón Trail maratoia irabazi zuen Ainara Urrutia. Donostia Hondarribia Talaia Trail proban gailendu zen Marina Gonzalez ere irteera puntuan izanen da. Denera 70 emakumek eginen dute lasterketa.
Aurten, Euskal Herriko Lineako Koparako puntuagarria izanen da lasterketa. Txapelketa hau Euskal Mendizale Federazioak eta Nafarroako Mendi eta Eskalada Kirolen Federazioak antolatu dute, herrialde guztietako kirolariek parte har dezaten eta Euskal Herriko hainbat lurraldetan zehar ibil daitezen.
Gainera, Berako lasterketa Nafarroako Mendi Lasterketan Zirkuituan ere sartuta dago. Zirkuitua 23 probaz osatuta dago eta Berako proba Nafarroako sailkapenerako baliagarria da. Bertan, lasterketa guztiak puntuako dituzte eta ekainean eta abenduan sariak emango dituzte erregulartasuna saritzeko.
Lasterketako dortsalak larunbatean 17:00etatik 18:30era eta igandean 08:00etatik 09:00etara hartu beharko dira Toki Ona kiroldegian. Lasterketa aldiz 09:30ean aterako da Ricardo Baroja eskola paretik. Lehenengo korrikalaria 11:10 inguruan ailegatuko dela aurreikusi dute eta azkena, berriz 12:50ean. Ondotik, sari banaketa 13:30ean eginen dute eskolako patioan.
Denbora mugen aldaketa
Parte-hartzaileek ibilbideko hainbat puntutan errespetatu beharreko denbora mugak izaten dituzte. Aurten, murriztu egin dituzte denbora muga horiek. Manttaleren igarotze-denbora mantendu da (55 minutu), baina gainontzekoak aldatu dira. Azken korrikalariak Larhunerako joanekoan Landagainetatik ordubete eta 30 minututan igaro beharko du, eta Larhungo pasabidea 2 ordu eta 30 minututan. Landagainetako jaitsierako puntuan 2 ordu eta 55 minutukoa izango da denbora muga, eta helmugakoa 3 ordu eta 20 minutukoa.
Denbora muga horietatik kanpo igarotzen diren lasterkariak lehiaz kanpo geldituko dira.
Gazteentzako lasterketak
Manttalek berriz antolatu du Gazte Traila, 14 eta 17 urte bitareko gaztetxoentzako lasterketa, oraingo honetan Nafarroako Kirol Jokoen barrenean.
Probak bi ibilbide izango ditu gazteen hiru kategorietarako. Txiki Trail lasterketak 5,9 kilometro eta 242 metroko desnibela du, eta haur-korrikalarientzat (2009-2010ean jaiotakoentzat) eta kadeteentzat (2007-2008an jaiotakoentzat) da. Gazte Trail, aldiz, 2005ean eta 2006an jaiotako gazteentzat da, eta 10,2 kilometroko ibilbidea eta 380 metroko desnibela du.
Bi lasterketak 10:10ean hasiko dira eta ibilbidearen lehen zatia (Postaraino) mendi maratoi erdian egiten dutenaren hagitz antzekoa da.
Lasterketa ikusteko txangoak
Lasterketaren egunerako bi txango gidatu antolatu dituzte korrikalarien ibilbidea ikusteko. Lehenengo txangoa 08:30ean abiatuko da irteera gunetik Larhun aldera, 14 kilometro inguruko ibilbidearekin. Ordu erdi geroago, 09:00etan, Landagainetara 10 kilometro inguruko bigarren txango gidatua abiatuko da. Bi irteerak Ricardo Baroja eskolaren paretik aterako dira.
Dokumentala bezperan
Lasterketaren atariko gisa, larunbatean, apirilaren 15ean, larunbata, 19:00etan, Aritz Ganboaren Bideak dokumentala proiektatuko dute Berako Kultur Etxean. Sarrerak bortz euroko prezioa du, eta aitzinetik Pikabea harategian edo 647 29 61 04 zenbakira whatsapp mezu bat bidalita lortzen ahal dira. Egunean bertan ere erosteko aukera izanen da.
Dokumentalean, gazta bat motxilan hartuta, Ganboak 170 kilometro eta 9.000 metroko desnibeleko zeharkaldia egiten du, landa-munduaren eta hiri-munduaren arteko zubiak eraikiz, eta Idiazabal gaztaren izendapena Erronkariko gazta izendapenarekin ere lotzen du.