Berako Bestetako egitarauaren azala aukeratzeko lehiaketa antolatu dute

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 12a, 18:00
Berako bestetako giroa islatu beharko du lanak.

Maiatzaren 31 izanen da lanak aurkezteko azken eguna, eta egile bakoitzak nahi bezainbertze lan aurkezten ahal ditu

Berako Kultur Batzordeak bestetako egitarauaren azal lehiaketa antolatu du aurten ere. Aurkeztutako lanek Berako bestetako giroa islatu beharko dute, eta azalean Berako Bestak 2023 testua agertu beharko da nahitaez, gainera, ezin izanen du bertzelako testurik eraman. 

Aurkeztutako argazkiak edo irudiak kolorezkoak izanen dira, ez da diapositibarik onartuko, paperean aurkeztu beharko dira, eta bertikala izanen da, 18x27 zentimetrokoa. Euskarri gogor batean aurkeztu beharko dira eta egoki paketatuak. 

Estiloari dagokionez, teknika librea izanen da, betiere bestetako giroa islatzen badu. Lanek jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dute, ezin dira izan bertze lehiaketetan aurkeztutako lanak ez eta bertze lan batzuen kopia edo plagioak aurkeztu, ezta bertze artista batenak ere. 

Saridunari dagokionez, Bera Hurbil aplikazioan egindako herri bozketaren bidez erabakiko da zein izanen den irabazlea. Lan saridunaren jabea Berako Udala izanen da eta bere iragarpen, argitalpen, zabalkunde eta abarren eskubide guztiak altxatuko ditu beretzat eta horietan lan saridunaren izena emanen dute. Irabazleak 400 euroko saria jasoko du. 

Maiatzaren 31 azken eguna

Lanak aurkezteari dagokionez, maiatzaren 31ko 13:30ak baino lehen aurkeztu beharko dira Herriko etxeko bulegoan. Aurkeztutako lanaren gibelean goitizen bat baino ez da paratuko –egilearen izena agertutako lanak ez dira onartuko–, eta aparteko gutun-azal batean erantsiko dira egilearen datuak, kanpoko aldean goitizena paratuz. Gutun-azalaren barrenean datu hauek agertu beharko dira derrigorrez: izen-abizenak, adina, helbidea (karrika, etorbidea, plaza, etab. zenbakia eta solairua; posta kodea, herria eta probintzia), telefonoa eta posta elektronikoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun