Agerra Mendi Taldearen hasiera
1992an sortu zuten Agerra Mendi Taldea, «auzoko ostatu baten itxieraren ondorioz». Izan ere, «ostatu hau desagertzeak hutsune bat sortu zuen auzotarren artean, eta gazte talde batek elkarte bat sortzeko ideia izan zuen. Hauek, mendiarekiko afizio haundia izanik, mendi talde bat sortzea erabaki zuten».
Geroztik, «hainbat mendi ateraldi antolatu dituzte urteotan. Esanguratsuenak Berako Mendi Eguna, Berako Mendi Itzulia, Taillon mendira egiten den irteera eta Bera-Goizueta mendi zeharkaldia dira».
Iturriak «mendian hasi nintzenetik» izan du lotura taldearekin, «bai mendian federatzeko, baita hauek antolatu dituzte jardueretan parte hartzeko ere». Gainera, «gaur egun, nire ikasketen praktikaldiari esker, taldean oraindik gehiago murgildu naiz».
Antolakuntzan buru-belarri
Ikasitakoa martxan jartzeko helburuarekin sartu da taldearen antolakuntzara, «hau dela eta, urtarriletik aitzinera egin diren mendi irteerak antolatu ditut eta horrela izanen da hurrengoetan ere».
«Ikasitakoa praktikan jartzeko balio dit taldeak»
Irteera bat antolatzeak «prestakuntza haundia eskatzen du aitzinetik; ibilibideak pentsatu, datuak bildu, bidea aztertu eta hasieratik bukaerara egin, eguraldiaren aurreikuspena begiratu, kartelak prestatu eta herrian banatu, sare sozialetan informazioa zabaldu…».
Taldeak betitik «hagitz ongi funtzionatu duela» dio, eta «beti izan ditu ekimen finkoak». Hala ere, «nire praktikaldiarekin, ekimen hauetaz haratago bertzelako ateraldiak egin ditugu». Gainera, «irteera hauez gain, emanaldiak, tailerrak eta solasaldiak ere antolatuko ditugu».
Jarduera ugari
Irteerak hilabetero antolatzen dituzte, «motzak zein luzeak. Adibidez, Bera-Goizueta zeharkaldiak 27 kilometro ditu eta 7 ordu behar izan genituen Goizuetara ailegatzeko». Ateraldiak hilabete bukaerako azken igandean egiten dituzte, «eta herritar guztiei irekiak daude denak».
Irteera hauen berri ematean, «ahalik eta informazio gehien zabaltzen dugu herritarren artean, norberak bere gaitasunak baloratu ditzan. Gure betebeharra mota guztietako ateraldiak egitea da; motzak, luzeak, haurrentzako…».
Hurrengo irteera pentsatzen hasiak dira dagoeneko: «apirileko azken asteburuan izanen da, oraindik ez dakigu zehazki nora aterako garen, baina mendien izenen zerrenda hor daukagu». Aukeren artean, «Irubelakasko hagitz presente dugu, izan ere, aurtengo lehen irteera mendi honetara antolatua zegoen, baina mendiaren egoera eta mendizaleen segurtasuna bermatzeko bertan behera uztea erabaki genuen».
Talde polita elkartzen da irteeretan; «Ziburumendin 35 mendizale elkartu ginen eta Bera-Goizuetako mendi zeharkaldian 42. Momentuz, pozik gaude izan duten erantzunarekin eta bide beretik segitzea espero dugu».
«Pozik gaude ateraldiek izan duten erantzunarekin»
Gainera, «ateraldiaren luzeeraren arabera otorduak egiten ditugu ondotik. Baina bazkaria egiteko aukera ez dagoenean ere, elkarrekin gosaltzeko leku bat bilatzen saiatzen gara beti».
Ikasketak eta etorkizuna
Aipatu bezala, Iturria Mendi Gidaritza ikasketak egiten ari da Kirolene ikastetxean; «momentuz, Erdi Mailako mendi ikasketetan ari naiz (TD2). Orientazioa, kartografia, metereologia, nivologia, lehen sorospenak… eman ditugu klasean, bertzeak bertze».
Hala ere, «TD2 ikasketekin bakarrik bizitzea hagitz zaila da» eta etorkizunera begira, «nire lana osatzeko zerbait izan nahiko nuke. Nire helburua udan irteerak antolatzea izanen da, bezeroak Pirinioetara eramateko».
Azkenik, «eskerrak eman nahi dizkiot Agerra Mendi Taldeari praktika hauek egiteko aukera emateagatik eta irteeretan parte hartu duten guztiei».