Aitor Saenz de Benito

«Musika aldetik ezkontzen den bikotea lasai egotea dugu helburu»

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 6a, 09:00

2001ean hasi zen Aitor Saenz de Benito lesakarra DJ lanetan: «Galesera joan nintzen eta hango diskoteketan DJ aunitz ikusi nituen. Jakin-mina sartu zitzaidan eta orduan hasi nintzen». Hasieran, diskoteketan jartzen zuen musika afizioz, «baina 2008an, krisiarekin, bizimodua ateratzeko bertze modu bat bilatu behar izan nuen eta ezkontzen munduan sartzeko aukera izan nuen. Aunitz gustatu zitzaidan eta hemen segitzen dut». 

Endara DJ's

Gaur egun, Endara DJ’s-ek «zerbitzu integrala» eskaintzen du ezkontzetan, «momentu guztietan paratzen dugu musika; zeremonian, koktelean, bazkalondoan, tarta banatzean… eta ondoko dantzaldian, noski». 10 DJ inguruko lan-taldea dauka, eta «elkarlanean aritzen gara Oihan Vega eta Joxeina Etxeberriarekin ere».

Euskal Herri osoan egiten dute lan, «baina hemendik kanpo ere Kantabrian, Burgosen eta Asturiasen aritu izan gara. Leku aunitzetan lan egiteak aberasten gaitu, ez baita berdina ezkontza Burgosen edo Iruñean egitea; jendeak eskatzen dituen abestiak guztiz desberdinak dira». 

Bikoteak disfrutatzea helburu

Ezkontza batean aritzeko prozesua ezkongaiekin hasten da: «gurekin harremanetan jartzen direnean ezkontzak nola prestatzen ditugun eta lana nola egiten dugun azaltzen diegu. Tratu pertsonalari garrantzia haundia ematen diogu eta dena lotua uzten dugu, egunean bertan bikotea lasai egoteko musika aldetik». 

Horretarako «elkarrizketak egiten ditugu pertsonalki edo bideodei bidez, eta orri bat bidaltzen diegu betetzeko. Orrian ospakizunaren une bakoitzean nahiko duten abestia zehaztu dezakete, baita dantzaldian eskaintzaren bat egin nahi duten ere. Normalean ezkontza baino urtebete lehenago hasten gara prestaketekin, eta urte horretan orria landu ondotik, ospakizuna baino aste bat lehenago bigarren elkarrizketa egiten dugu dena errepasatzeko. Inportanteena ezkontza egunean bikoteak disfrutatzea da». 

Ezkontza bakoitzera egokituak

Ezkontza guztiak desberdinak dira, beraz, «moldatu behar izaten gara. Ezkontza euskaldun batek ez du zerikusirik atzerriko ezkongaiak dituen ezkontza batekin, adibidez. Herrialde aunitzetako jendearekin egiten dugu lan». 

Gainera, gonbidatuek ere abestiak eskatzen dituzte dantzaldian, «horregatik, gonbidatuen gustu musikalak lehenagotik ezagutzen saiatzen gara, horren arabera emanaldia estilo batekoa edo bertzekoa egiteko. Dantzaldiak 4-5 ordukoak izan ohi dira, eta musika mota ugari paratzen ditugu jendea ez aspertzeko eta denak kontent egoteko; pop, rock, reggaetoia…». Gehien eskatzen den musika «irratian aditzen dena» izaten da, «modan dagoena». Aunitzek reggaetoia eskatzen dute, «baina bertze aunitzek argi uzten dute hasieratik ez dutela reggaetoirik nahi».

Baina Endara DJ’s-en zerbitzuak ez du musika soilik eskaintzen; «Berako Kaskabel Soinua enpresarekin egiten dugu lan, ekitaldietan soinu eta argiztapenarekin aritzen direnak. Horri esker, proiektoreak, argiztapen bereziak, pantailak… ditugu eskuragarri».

Boda Natural

Honez gain, aurten berrikuntza bat sortu dute; Boda Natural ataria (bodanatural.com). «Bizpahiru urtez izan dut ideia buruan eta berriki jarri dugu martxan. 15 urte baino gehiago daramatzagu ezkontzetan lan egiten eta Euskal Herri mailan hornitzaile aunitz ezagutzen ditugu. Horregatik, zerbitzu hauei buruzko informazioa ematen dugu bertan; argazkilariak, wedding plannerak, jatetxeak…».

Izan ere, «gaur egun ezkontzei buruzko atariek ahalik eta iragarki gehien sartzea dute helburu, ezkongaiak kontuan hartu gabe, eta guk horren falta nabaritu genuen. Boda Naturaleko hornitzaileak guk ezagutzen eta gomendatzen ditugunak dira, eta ez diegu kobratzen iragarkiengatik. Kalitatezko zerbitzuak bakarrik eskaintzen ditugu, bikoteak aukeratzen duena aukeratzen duela, arazorik izanen ez dutela bermatzeko. Jatetxeetan, adibidez, Euskal Herri mailan gehienak ezagutzen ditugu eta horietatik aukeraketa bat egiten ari gara. Oraingoz oinarrizko hornitzaileak ditugu, eta lanean ari gara eskaintza zabaltzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun