Berako turismo bulegoa irekiko dute Aste Santuan

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 4a, 11:30

Atzotik hasi eta apirilaren 16a bitartean, Berako turismo bulegoa irekia egonen da Berara ailegatzen diren bisitariei harrera egokia egiteko eta herriko eskaintza turistiko azaltzeko. 

Bulegoa Berako Kultur Etxean kokatuta dago, eta ondoko ordutegia izanen du. Astelehenetik larunbatera 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara egonen da irekia, eta igandean, berriz, 10:00etatik 14:00etara. Amaia Lagos ariko da bertan lanean. 

Bi igandetan, apirilaren 9an eta 16an, gainera, bisita gidatuak eskainiko dituzte 12:00etan. Bisita horietan herriko historia eta hainbat bitxikeria ezagutzeko parada egonen da. 10 geldialdi eginen dituzte, herriko etxeko plazatik hasi eta Altzateraino. Bisita gidatuetan parte hartzeko aitzinetik izena eman behar da turismoa@bera.eus helbide elektronikoan edo turismo bulegoko telefonora (610 21 40 66) deituta. 

Udalak TopRutas aplikazioa ere martxan du. Mugikorrean deskargatzen ahal da aplikazioa eta bertan herrian egiten ahal diren hainbat  ibilbide interesgarri agertzen dira: paseotxoa herrian barrena, BTT Berako itzulia, Berako mendi maratoi erdia, Larhunera igoera, Bunkerren ibilbidea, Mairu baratzeen ibilbidea, Mugako bidea, Xoldokogaineko urtegia, Santa Barbarara igoera, Ibardin-Usategieta-Ibardin ibilbidea...

Kultur eta kirol agendari dagokionez hiru ekitaldi izanen dira Beran egun hauetan: Apirilaren 15ean, larunbata, Bideak dokumentalaren proiekzioa eta ondorengo solasaldia Aritz Ganboaren eskutik, Kultur etxean 19:00etan. Biharamunean, igandean, Berako mendi maratoi erdia izanen da eta 12:00etan Amorantek kontzertua emanen du Katakun. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun