Euskararen erabilera eta sustapena helburu duten proiektuen azoka izanen da. «Ohiko azoken izaera izango du: postuak, musika, lagunarteko giroa... baina protagonistak nekazaritza produktuak izan beharrean, euskara sustatu, bultzatu, zabaldu eta hedatzen dute egitasmoak izanen dira», azaldu dute antolatzaileek.
Azokak helburu bikoitza izanen du: alde batetik, Euskal Herriko txoko guztietako eragileek elkarrengandik ikasteko aukera izatea, eta bertze alde batetik, lurralde osoan zehar euskararen sustapenean lan egiten duten talde eta elkarteei elkar ezagutzeko eta elkarrekin harremana izateko espazio egokia eskaintzea.
Elkartrukearen logikak hartuko du indarra azokan: aurkeztutako proiektuek beren egitasmoa sozializatu eta zabaltzeko plaza ezin hobea izanen dute. «Azokan txoko bat edukitzea eskatzen dutenei egitasmoen berri emateko hainbat baliabide eskainiko dizkiegu baita, aurkezpen dinamikoak egiteko bitartekoak ere».
Azokara bertaratzen direnek, berriz, «emaitza eta eragin positiboak» izan dituzten egitasmoen xehetasunak ezagutu ahal izanen dituzte. «Bakoitzak bere herrira egingarriak diren ideia sorta eramateko balioko du. Horrela, azoka inspirazio iturri eta ekintzarako pizgarri izango dela uste dugu», nabarmendu dute.
Izen ematea irekia da dagoeneko
Azokan parte hartu nahi dutenek dagoeneko irekia dute izena emateko epea topagunea.eus atarian. Proiektuak aurkezteko azken eguna apirilaren 14an izanen da. «Euskara lehen planoan duten izaera eta izate ezberdineko egitasmoak bildu nahi ditugu; interes kolektiboa dutenak, han eta hemen egingarriak izan daitezkeenak eta, ahal den heinean berritzaileak», nabarmendu dute antolatzaileek.