Nafarroako Herri Kirol Jokoen finala apirilaren 2an Sunbillan jokatuko da azkenean

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 31a, 17:30

Proba konbinatuan aritu diren Igantziko lau taldeak Atarrabiako lehen jardunaldian. Alebinak finaletik kanpo gelditu dira, infantilak finalean izanen dira eta kadeteak txapeldun dira dagoeneko.

Hasiera batean Igantzin egitekoa baldin bazen ere, eguraldi iragarpena dela eta igandean 11:00etan dute hitzordua Sunbillako frontoian

Nafarroako Herri Kirol Jokoen azken jardunaldia eta finalak apirilaren 2an, igandean 11:00etan hasita jokatuko dituzte Sunbillako pilotalekuan. Hasiera batean Igantzin egitekoa zen, baina eguraldi iragarpena dela eta, Sunbillan izanen da azkenean.

Martxoan zehar, Atarrabian, Olaztin, Antsoainen eta Etxarri Aranatzen jokatutako lau jardunaldietako emaitzak kontuan hartuz, alebin mailako proba konbinatuan, 27 taldetatik Andra Mari 5, Araxes, Andra Mari 4 eta Antsoain A izanen dira finalean. Igantziko bi taldeak doi-doi gelditu dira finaletik kanpo, baita Baztango Basaburukoa ere.

Infantil mailako proba konbinatuan, berriz, bederatzi taldetatik Araxes, Berriozar, Andra Mari 3 eta Igantzi izanen dira finalean. Hemen ere Basaburua finaletik kanpo gelditu da.

Kadete mailako proba konbinatuan, berriz, aitzineko lau jardunaldietan erabaki da txapelketa eta Igantzi suertatu da txapeldun, lau jardunaldietan nagusitu ondotik. Ondotik sailkatu dira Araxes, Antsoain, Antsoberri eta Andra Mari. Igandean hartuko dute txapela igantziarrek, baina kategoria honetan egun bakarreko lehiaketa ere izanen dute.

Kadete mailako proba konbinatuan txapeldun eta txapeldunorde izan diren Igantzi eta Araxes.

 

Sokatiran ere ariko dira infantil eta kadete mailako taldeak, kasu honetan, eskualdeko ordezkaritzarik gabe. Infantil mailako bosgarren jardunaldia jokatuko da eta Igantzin erabakiko da txapelduna. Kadete mailan, aldiz, lau jardunalditan erabaki da sokatirako txapela ere eta Hotsein taldea suertatu da txapeldun, Antsoain, Iñigo Aritza, Antsoberri eta Araxesen aitzinetik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun