Lesakako turismo bulegoa eta Burdinaren Museoa irekiko dituzte Aste Santuan

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 2a, 11:00

'Lesaka: gure kulturaren sorterria' bisita gidatuak eskainiko dituzte Aste Santuan.

Lesakako turismo bulegoa eta komentuan bertan dagoen den Burdinaren Museoa irekiko dituzte apirilaren 6an, Ortzegun Santu egunean eta apirilaren 16a arte zabalik izanen dituzte ateak. Bertan, herriari eta eskualdeari buruzko informazioa emateaz gain, museoa ikusteko aukera ere izanen da, dena dohainik.

Ordutegiari dagokionez, aste tartez 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 18:30era eta asteburuetan 10:00etatik 14:00etara zabalduko ditu ateak. Asteartean, apirilaren 11n, itxita egonen da.

Bisita gidatuak

Lesakako Udala lanean ari da bisitariek eta herritarrek aisialdi-eskaintza ahalik eta onena eduki dezaten. Horregatik, kultur ekitaldiak, Bizibide, Olentzeroren ginkana eta TopRutas aplikazioaz gain, bisita gidatuak ere eskainiko dituzte Aste Santu honetan.

Lesaka: gure kulturaren sorterria izenburuarekin, herriko tradizio, bitxikeri, dorretxe, etxe eta abarrei buruzko azalpenak emanen dituzte. Guztira bortz bisita gidatu izanen dira: apirilaren 6an eta 7an, ortzegunean eta ortziralean 17:00etan eta apirilaren 9, 15 eta 16an, 12:00etan. Hauen hasiera-puntua turismo bulegoa (Harriondoa) izanen da eta euskaraz nahiz gazteleraz egiteko aukera izanen da, iraupena ordubete ingurukoa izanik.

Lekua erreserbatzea gomendatu dute, horretarako 662 64 81 81 telefonora deituz edo Whatsapp bat bidaliz edo teknikaria1@lesaka.eus helbidera posta elektronikoa bidaliz. Azkenik, bisita gidatu hauek free tour moduan eskainiko dituzte eta ordaindu beharreko prezioa bisitarien esku geldituko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun