Bortzirietako III. Berdintasun Planari buruzko kontraste saioa eginen dute larunbatean Igantzin

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 30a, 13:00

Azken hilabeteetan Bortzirietako Berdintasun Plana lantzen aritu dira eta larunbat honetan, apirilaren 1ean, plana herritarrekin kontrastatzeko saio irekia antolatu du Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak. 10:00etatik 13:00etara Igantziko Herriko Etxean bilduko dira. Joan nahi izatekotan, asistentzia baieztatzeko eskatu dute.

2023tik 2027ra bitarte izanen litzateke indarrean Bortzirietako III. Berdintasun Plana. Berdintasun zerbitzuak jakinarazi duenez, 2022ko maiatz eta ekain aldera abiatu eta abenduan bukatu zuten Bortzirietako emakume eta gizonen errealitateari buruzko diagnostikoa. Analisia egiteko online bidez galdetegia zabaldu zuten, eta ondotik, eztabaida taldeak eta elkarrizketak antolatu.

Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuaren arabera, «diagnostikoaren emaitzarik argiena III. Berdintasun Plan baten beharra izan zen». Horregatik hasi ziren hirugarren plana osatzen. 2023an egin dute, lau saiotan banatuta. Hasteko memoria egin eta egindako pausoak ezagutzeko eta erronkak identifikatzeko saioa egin zuten eta horren ondotik, hirugarren planaren lehenbiziko zirriborroa osatu zuten.

Zirriborro hori bortz udaletako idazkariekin eta bortz udaletako berdintasun zinegotziek osatzen dute kudeaketa mahaiarekin kontrastatu dute. Eta orain, herritarrei eta mugimendu feministari irekitako saio ireki batean egin nahi dute azken kontrastea. Saio horren ondotik aterako da Bortzirietako III. Berdintasunaren Planaren azken bertsioa, 2023tik 2027ra Bortzirietako udalen eta mankomunitateen berdintasun politikak gidatuko dituena.

Lau arlo edo esku hartze

Zirriborroan lau arlo bildu dituzte. Lehenbiziko arloa genero ikuspegia udalaren jardueran txertatzea da; bigarrena emakumeen aurkako indarkeria matxista; hirugarrena gizarte eta ekonomia berdinzaleagoa eta laugarrena emakumeen ahalduntzea eta jendartearen inplikazioa. Arlo horietan hamabi helburu zehaztu dituzte eta horiek asebetetzeko 38 ekintza zehatz.

Zirriborroa leitu nahi izatekotan, berdintasun zerbitzura idatziz eskatzen ahal da: berdintasuna@bortziriakberd.eus helbidera edo 722 69 30 78 zenbakira WhatsAppez. Horrekin batera, larunbateko saio irekira joan nahi izatekotan, bide horiek erabiliz asistentzia baieztatzeko eskatu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun