Energia Berriztagarrien Komunitatea sortzeko bilera eginen dute ortzegunean Beran

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 29a, 11:00
Martxoaren 16an egin zuten lehen jardunaldia, eta jende puska bildu zen Beralandetan.

Energia ereduari buruz hausnartu eta burujabetza energetikorantz urratsak eman nahi dituzte Beran. Horretarako,  Goinerren eskutik,  Energia Komunitate bat zer den azaltzeko bilera eginen dute ortzegunean, hilaren 30an, 19:00etan Beralandetan. Bilera horren helburua, energia komunitate bat sortzeko partaidetza prozesua bat abian jartzea da. 

Energia Komunitatea sortzeak ondorio positiboak ditu sustatzaileen hitzetan: energia oinarrizko eskubidea dela aldarrikatzen du; energia eta klima krisiari aurre egiteko benetako aukera da; subiranotasun energetikoaren norabidean egiten den urratsa da; energia berriztagarriak sustatzen ditu, eta ondorioz, energia fosilen erabilera murrizten laguntzen du; Berako energia beharrei erantzuten laguntzen du, bere baliabideak erabiliz eta tokiko konponbideak eskainiz; herrian ekoitzitako energia kontsumitzeko aukera ematen du; tokiko ekonomia sustatzen du; energiaren kontsumo arduratsua eta iraunkorra sustatzen du, kontsumo ohituretan eraginez eta, beraz, argiaren faktura murriztuz; pobrezia energetikoari aurre egiteko ekimenak susta ditzake eta beratarren beharrak eta interesak kontuan hartuko ditu. 

Aitzinetik, martxoaren 16an, argindarraren faktura ulertzen ikasteko ikastaroa egin zuten, hori ere Goienerren eskutik, eta gaiak interesa pizten duen seinale jende puska bildu zen Beralandetan. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun