Belen Compains

«Traba aunitz paratu dizkidate baina harro nago egin dudanarekin»

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 25a, 08:00

Belen COMPAINS BEAUMONT, 30 urtez Bortzirietako pediatra izan dena

Joan den abenduaren 21ean hartu zuen erretiroa hiru hamarkadatan Bortzirietako haurren pediatra izan denak. Urteotako lorpenak eta trabak aipatu ditu bere ibilbidearen errepaso honetan.

Ia hiru hamarkada egin ditu Belen Compains Beaumontek (Iruñea, 1959) Bortzirietako pediatra lanetan. Ekainaren 1ean beteko lituzke 30 urte, baina lehenagotik hartu du erretiroa, 63 urterekin, «jubilatzeko beharra sentitu dudalako». Hainbertze urtez bere eguneroko martxa izan dena alde batera utzita, «kostatzen» ari omen zaio egoerara jartzea, «% 150 lanean aritzetik hutsera bat-batean pasatzea» ez baita erraza.

Sortzez iruindarra da, eta «familiarentzat eguneroko ogia ziurtatzeko» etorri zen Lesakara, erabat ezezaguna zuen ingurura. Bertan osatu du habia. 30 urteotako bidea «gogorra eta oztopoz betea» izan dela aitortu du, baita «umiliatua» sentitu dela eta «betoa jarri» izan diotela ere, baina «kontent» dago egin duen lanarekin, eta «aunitz disfrutatu» duela dio. Bertzeak bertze, arreta goiztiarraren zerbitzua martxan paratu izana eta desgaitasunak dituzten haurren alde egindako lana nabarmendu du.  

Zergatik erabaki zenuen medikuntza ikastea? 

Ez naiz medikuen familia batekoa eta ez nuen bokaziorik. Zientzia alorrekoa nintzen, eta pertsonen garapena eta harremanak gustatzen zitzaizkidan. Psikologia egitea pentsatu nuen, baina Iruñean bizi ginenez, eta Nafarroako Unibertsitatean medikuntza ikas daitekeenez, familiako kide batek medikuntza egitea proposatu zidan, gerora, nahi izanez gero psikiatria eginen nuela. Horrela hasi nintzen.   

Eta gustatu zitzaizun... 

Karrera luzea da eta ikasketen erdialdean krisialdi bat izan nuen. Garai zaila tokatu zitzaigun. Baina ikastea beti gustatu izan zait eta aitzinera egin nuen. Sei urteko karrera eta lau urteko espezialitatea egin nuen. Psikiatria eta buruko patologiak ez zitzaizkidala gustatzen ohartu nintzen, harremanak eta bereziki pediatria nituela gustuko. Haurrak beti gustatu izan zaizkit, ez dago haur bat hazten ikustea baino gauza ederragorik, eta pediatrian espezializatu nintzen. Ez zen erraza izan, baina ez naiz damutu.

Lehen Mailako Arreta aukeratu zenuen... 

Bai, ospitalean espezializatu nintzen, baina ez zitzaidan gustatu haurrekin nola lan egiten duten, eta Lehen Mailako Arreta aukeratu nuen. Hasiera hartan, Iruñeko Udalaren haur eskoletako pediatra izan nintzen lanaldi erdian, eta bertze erdian Garesen pediatra. Bi lanak hagitz diferenteak ziren, baina biak gustatu zitzaizkidan. Miseria bat irabazten nuen, ordea, eta oposizioak gainditu eta Lesakako lanpostua hartu nuen. Ezagutzen ez nuen inguru batera etorri nintzen familiarekin. 

«Denbora baino lehenagotik zergatik joan naizen onartzea gogorra egiten ari zait»

Eta horrela ia 30 urte. Nolako balorazioa eginen zenuke? 

Ekainaren 1ean egin izanen nituen 30 urte. Lanagatik eta familiaren eguneroko ogia ziurtatzeko etorri nintzen, baina aunitz saiatu naiz eta aunitz disfrutatu dut. Gogorra izan da, eta gehien kostatzen ari zaidana denbora baino lehenagotik zergatik joan naizen onartzea izaten ari da, baina gainditu egin naute, ezin izan dut gehiago. Milaka istoriotara egokitu behar izan dut, bertzeak bertze, honat etorri eta inoren babesik gabe seme-alabak hazi ditugu eta pediatraren bakardadea sentitu dut; dena hutsetik egin behar izan dut. Lorpenak haundiak eta urte politak izan dira, baina azken urteotan denak gibelera egin du eta Lehen Mailako Arreta zer bihurtu den ikustea gogorra izan da. Onerako eta txarrerako, funtzionarioek tokatzen zaiguna egin behar izaten dugu, baina Lehen Mailako Arreta mota hau ez dator bat nirekin. Gainezka egin nuen aldi horietako batean erabaki nuen erretiroa hartzea.

Noiz izan zen? 

60-61 urte nituenean erretiroarena begiratzen hasi nintzen eta bi urteren buruan jubilatzen ahal nintzela ikusi nuenean. Bi urte hala edo honela aguantatuko nituela pentsatu nuen. Baina orain pena sentitzen dut. Nire lana gustatzen zait, eta 63 urterekin, dakidan eta ikasten ari naizen guztiarekin, eta egiten ahal den guztiarekin, ez nagoela erretiratzeko sentitzen dut. Bat-batean gelditzea eta bidea nik gelditu dudala onartzea gogorra egiten ari zait. Behin, batek, sekula ez etsitzeko erran zidan, aitzinera egin behar dela. Hemen krisi aunitz izan ditugu eta aunitzetan egin dut aitzinera, baina nire lanari betoa jarri diote, horrek haurrei emandako zerbitzuan eragina izan du, eta nekatu naiz. Beti izan naiz polemikoa eta borrokalaria, eta horrek badu ondorioa. Ez dut pena eman nahi, lanean gozatu dudala argi utzi nahi dut, aunitz ikasi dut eta kontent gelditu naiz egin dudanarekin. Familia aunitzekin sortu dudan harremana ere zoragarria izan da. Ez dut behin ere ulertu pediatrek zergatik ez duten etorri nahi izaten honat, lan polita baita. 

Nolakoa izan zen Lesakan hasiera? 

Deus baino lehen, jendearengana hurbildu behar izan nuen. Ez nintzen hemengo lehenbiziko pediatra izan, zerbitzua lauzpabortz urte lehenagotik hasia zen, baina aitzineko biak denbora laburrean aritu ziren. Hasi nintzenean, oroitzen naiz goizak hagitz luzeak egiten zitzaizkidala, hiru, bortz edo zazpi haur bakarrik etortzen ziren. Jendeak pediatra pribatuengana joateko ohitura zuen, batzuk Irunera eta bertzeak Elizondora, baina poliki-poliki hurbiltzen hasi ziren. Etorri nintzenean pediatriako adina hamar urtetan zegoen, eta igotzen hasi zirenez, herritar gehiago artatzea tokatu zitzaidan.

«Haurren osasun arazo nagusiak asma eta obesitatea dira hemen»

Urte hauetan zein izan dira zure kezkak eta lehentasunak?

Lesakan hasi nintzenean, asma kasu aunitz ikusi nituen. Garesen bat edo bertze izan nituen, eta han obesitatea eta eskola porrota lantzeko programak garatu nituen, pediatria prebentzioa eta promozioa dela uste baitut. Baina hemen asmarekin hasi nintzen. Gainera, Iruñean ikasitakoa nintzen, nire erreferentziazko profesionalak Iruñean zeuden, baina hemengo haurrak Gipuzkoara joaten zirenez, Irungo Korta medikuarekin harremanetan jarri nintzen. Asmaren inguruko ikerketa lan bat egiten hasi nintzen eta hasierako denboraldia horri dedikatu nion. Intentsioa izan zen. Hala ere, bertzelako programak ere martxan paratu nituen, bertzeak bertze, obesitatea lantzeko programa. Obesitate kasu aunitz ikusi nituen. Nafarroako edo bertze herrialdeetako datuekin konparatuz, hemengo osasun arazo nagusiak obesitatea eta asma dira. Gero konturatu nintzen obesitatea asmarekin eta alergiekin lotua zegoela. Nutrizioa lantzen ere hasi ginen. Lesakara etorri nintzenean, bularra ematen ez zioten ama aunitz aurkitu nituen, ez zerbaitek huts egin zuelako, hasiera-hasieratik ez ematea erabakitzen zutenak baizik. Pediatraren kontrola falta zen. Ordaintzen ahal zutenak Irunera edo Elizondora joaten ziren, baina ezin zutenek, beldurragatik, bularrik ez ematea erabakitzen zuten. Hori berreskuratu beharra zegoen.

Urteotan hainbat jardunaldi antolatu izan ditu Compainsek, baita parte hartu ere. Argazkia 2018an EHUren udako ikastaroetan hartua da.

Desgaitasunaren gaia ere esku artean hartu zenuen...

Ikastetxeetara jo nuen eta denak harrituta gelditu ziren pediatra haurren garapenaz arduratu zela ikusita. Begi onez hartu zuten eta eskola porrota lantzeko programarekin hasi ginen. Lanean hasi ginenean, desgaitasunak zituzten haurrak ikusten hasi ginen. Ni etorri eta urte bat eta erdiko denboran, osasun arazo larriekin hiru haur jaio ziren. Iruñera joan bertze aukerarik ez zuten; baina alde batetik, hemendik urruti eta bertzetik, hizkuntza bertze traba. Gaztelaniaz ez zekiten haurrak eta familiak aurkitu nituen, eta Iruñera arreta goiztiarrera joan ahal izateko minusbaliotasun balorazio bat egin behar izaten zen, eta gaztelaniaz jakin gabe, ezin deus egin. Horregatik pentsatu nuen zerbait egitea. Hasiera hartan, beharra zuten haurrak Gipuzkoara bideratu nituen, han arreta goiztiarra Aspaceren esku zegoen. Baina bortz kasu onartu zizkidaten. Borzgarrenean ikuskariak ez zutela finantzatuko erran zidan, 0 eta 3 urte bitartekoak Iruñera Gizarte Ongizatera joan behar zutela, eta hiru urtetik aitzinerakoak eskolara. Iruñeko haur eskoletan lanean aritu nintzenean, hango haurrek ospitalean, Gizarte Ongizatearen bidez arreta goiztiarrean, haur eskoletan... denetan estimulazioa lantzeko aukera zuten, eta hemen ez zegoen deus. Arreta goiztiarraren zerbitzua hemen eman behar genuela planteatzea otu zitzaidan, edo Gipuzkoan egiten zuten bezala kontzertatuta egitea, baina orduan hartu nuen nire lehenbiziko kolpea. Protagonismo nahia eta hiriburuko handinahikeriarekin heldu nintzela leporatu zidaten. Oraindik ere zaila egiten zait entenditzea. Desgaitasunaren gaia arazo haundia da, Iruñean haundia baldin bada, hemen oraindik haundiagoa. Hemen desgaitasuna zuten haurrak etxean gelditzen ziren edo ez ziren etxetik ateratzen, eta batzuetan baldintza gogorretan edukitzen zituzten, lotuta. Ez zituzten eskolara eramaten... Zerbait egin nahian Anfasekin harremanetan jarri nintzen, eta hori ere aurpegiratu zidaten. Baina ongi lan egin genuen, eta bulegoz bulego ibili ondotik, arreta goiztiarraren zerbitzua lortu genuen. Pauso haundia izan zen, beharbada egin dugun lorpenik haundiena. 

«Arreta goiztiarra lortzea pauso haundia izan zen»

Nola hasi zineten? 

Arreta goiztiarrekoak Iruñetik haurren balorazioa egitera etortzen hasi ziren, eta ondotik, Anfas kontratatzen zuten tratamenduaz arduratzeko. Horretarako espazioa bilatzea ere ez zen erraza izan. Osasun zentroko gela bat proposatu nuen, baina osasun zentroak ez du sekula ulertu arreta goiztiarraren beharra. Eta saltsa horren erdian, Lesakako Udalaren erabilera anitzeko aretoa lortu genuen, eta osasun zentroan gelarik gabe gelditu ginen. Lesakako Udalak aretoa utzi izan ez baligu, zerbitzua Donezteben izanen litzateke. Niri Lesakan ez didate sekula onartu, baina Doneztebeko Osasun Zentroan bada horretarako lokala. Argi dago elkarlanean, eta nahi izanez gero, gauzak lortzen direla; bertzela ez. Eta bertze kontu bat; baliabideak lortzea aunitz kostatzen da, baina mantentzea ere bai.

Gaur egun zertan da zerbitzua? 

Gaur egun zerbitzua eskaintzen segitzen dute. Haurrek balorazioa egitera Doneztebera joan behar dute, nahiz eta ahal badute Iruñera bideratzen dituzten. Urteekin bertzelako zerbitzuak ere lortu dira, estimulatzailea, logopeda, fisioterapeuta... Bada zerbitzua, baina aldatu da. Azken zortzi urteotan arreta goiztiarraz Anfas arduratzen da, baina zerbitzua inguru naturalean lantzearen aldeko apustua egin du eta etxeetara joaten dira. 

«Baliabideak lortzea aunitz kostatzen da, baina mantentzea ere bai»

Adin tartea zabaltzen saiatu zinen... 

0 eta 3 urte bitartekoez arduratzeko arreta goiztiarra lortuta, sei urtera bitartekoekin lanean hasi nahi izan nuen, baina arazoak izan genituen. Ikasle guttiko garaiak ziren, ikastetxeak ikasleak lortzeko gerran... Ikastetxeetako ordezkariak lantaldetik atera ziren euren ikastetxeetan desgaitasuna zuten haurrik ez zutela erranez. Horixe bazituztela, izen-abizenak erran izanen nizkien, baina ez zuten nahi. Garai hartan, desgaitasunari buruzko jardunaldi batzuk antolatu nituen, eta desgaitasun moderatua eta larria zuten 42 haur zenbatu nituen, desgaitasun arina zutenak kontuan hartu gabe. 

Eta zer gertatu zen? 

Lantaldea horrela gelditzea kolpea izan zen, baina lanean segitu genuen. Babesa nahi zuten gurasoak nituen inguruan, eta ate bat eta bertzea joz, lanak banatzeko adostasun batera ailegatu ginen Anfasekin eta Aspacerekin. Anfas desgaitasun kasuez arduratuko zen, eta Anfasek dinamizatutako familia talde bat ere sortu zuten. Aspacek, berriz, aisialdirako programa bat proposatu zuen. 2017 aldera arte iraun zuen, krisiarekin programa alde batera gelditu zen. Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin lanean hasi ginenean, gizarte zerbitzuek gurasoen bertze talde bat sortu nahi izan zuen. Ordurako bertze patologia batzuk zituzten haurren belaunaldi bat zegoelako eta familiak, gizarte zerbitzuetako ordezkariak eta osasun arloko ordezkariak hilabetean behin biltzekotan gelditu ginen, familiei nola lagundu ikusteko. Gaiari ikusgarritasuna ematearen garrantzia lantzen hasi ginenean jaio zen Enaitz Iparragirre, eta bere gurasoek babes haundia hartu zuten Berako Labiaga Ikastolan. Salto haundia eman zuten eta gizartearengana hurbildu ziren. Horrek gaia mahai gainean paratu zuen eta hortik abiatuta, Berako Ricardo Baroja eskolan behar berezikoentzako gela bat sortu genuen, arazoak zituzten haur gehienak ikastetxe horretan baitzeuden. Baina hor ere arazoak izan genituen: integrazioa, inklusioa...  Ama batek erran zidan bezala, hau oztopoen lasterketa bat da, bat gainditu orduko bertzea dator, baina aitzinera egin behar da. 

Lanean aunitz gozatu duela eta aunitz ikasi duela aitortu du Compainsek.

Oztopo aunitz izan dituzula erraten ari zara. Azalduko zenuke? 

Bai, oztopo eta saltsa aunitz. Lana polita da eta horrek bete izan nau, baina hagitz gogorra da. Ni bertze pediatrek egiten zutena egitera mugatzea nahi zuten, eta lan aunitzekin egon garenean egin izan dut, baina hori ez da lan egiteko modua. Haurrak behar bezala artatuak ez badira, arazo aunitzez ez gara ohartzen. Pena da, baina inguruan haurtzaroaz duten kontzeptua ez da nik dudana.  

Umiliatua sentitu zarela erran izan duzu... 

Bukaeran umiliatua sentitu naiz. Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin eta osasun zentroan bertan gure eztabaidak izan ditugu... Haurren garapenerako zentroa sortzeko bidea hasi genuen, baina gizarte zerbitzuetan proiektua anbiziotsuegia zela erran zidaten. Eta hara non, garapeneko zentro horren ideia hartuta eurek nahi zutena egin zuten... Eta desgaitasuna gogorra baldin bada, zer erranik ez tratu txarren gaiarekin. Aunitzetan tokatu zait aurpegia ematea eta epaiketetan ere ibili naiz. Ni ere hemengo herritar bat naiz, eta gogorra izan da tratu txarren kontu horrengatik jendea gibeletik izan baitut. Sarean lan egitea proposatzen nuen, baina ez ginen ados jarri. Gauza bat eta bertze, gizarte zerbitzuetan ez zuten nirekin lanean segitu nahi izan. Atera kontuak, pediatrarik gabeko haurren sarea sortu zuten. Kasualitatez enteratu nintzen, baina garbi adierazi zuten ez zutela nahi ni joatea. Nireganako gaitzespena argia zen. Arazoa ez zen pediatra, arazoa Belen Compains zen. Eta halako hainbat kasu izan ditut. Edoskitze programan, adibidez, pediatra kanpoan utzi izan dute. Lesakara etorri nintzenean edoskitzea arront utzia zegoen, baina urteekin Nafarroa mailan lehenbiziko postura pasatu ginen. Azken boladan, berriz, haur pila bat egunez eta gauez tititik zintzilika ikusi ditut, baina grafikoetako kurbetatik beheiti. Niretzat hori desnutrizioa da, eta gurasoei, behar denean, biberoia emateko erran behar zaie, hasierako etapetan izandako alterazioak ez baitute bueltarik. Handik eta hemendik trabak paratu dizkidate, baina harro nago egin dudanarekin, eta krisialdi horiekin neure burua gehiago maitatzen ikasi dut. Lankideek Lan Osasunera ere eraman izan naute, baina onartuko dizut, morala igotzeko balio izan dit, pediatra bezala denek ongi baloratzen nautela ikusi dut. 

«Lehen Mailako Arreta hagitz izorratua ikusten dut»

Zer diozu Lehen Mailako Arretaz? 

Beti bazterrean gelditu izan da eta gaur egun nahiko izorratua ikusten dut, hondoa jota eta desagertzekotan. Gero eta erizain gehiago paratu dituzte, baina medikuekin kexu dira.  Hau ez da nik ezagutu nuen Lehen Mailako Arreta. Erizaintzaren aldeko apustu haundia egin dute Nafarroan, sistemak gaizki funtzionatzen du eta medikuak joaten ari dira. 

Erizainei ematen ari diren garrantzia kritikatu izan duzu. Zergatik? 

Diotenez, erizainak erabat prestatuak daude. Lau urteko ikasketak egin dituzte, eta gure maila eskatzen ari dira. Guk sei urteko ikasketak eta bertze lau urteko espezialitatea egin dugu, eta aunitzetan pediatrak izan gara eurei formazioa eman diegunak. Lehenbiziko jatera eman eta gero ausiki... Badira hagitz ongi lan egiten duten erizainak, baina bi edo bortz orduko saio bat hartuta ez dira adituak bihurtzen. Erizainak poliki-poliki indartzen joan dira. Eta hala etorri zen hobekuntza plana, eta horrekin erizainak sarrerako atea bihurtu dira. Hamabortz urte daramatzate horretan eta ez dute demostratu. Hori agerian gelditu zen abenduan, mediku faltagatik Bortzirietan neurriak hartu zituztenean. Herritarrek osasun zentrora deitzen zutenean lehenbizi administrariak galbahetzen zuen deia, pazienteari lehentasuna emanez edo ez gauzak gaizki egiteko arriskua bere gain hartuz. Hurrengo galbahea erizainak pasatzen zuen, eta azkena, beharrezkoa zela ikusiz gero, medikuak. Zer gertatu zen? Ezin izan zutela zaurgarriengana eta gaixo kronikoengana ailegatu. Agerian gelditu da ez administrariek, ez erizainek ez dituztela arazoak detektatu eta lehengora bueltatu dira. Erizainak ez dira medikuak eta ez daude prestatuak ardura hori hartzeko. Medikuari medikatzaile izaera eman nahi digute, industria farmazeutikoekin elkar hartuta bageunde bezala, eta irudi du erizainak osasun sistema humanizatzera etorri direla. 

«Erizainak ez dira medikuak, eta ez daude horretarako prestatuak»
Abenduaren 21ean jubilatu zinen. Nola sentitu zinen? 

Beti bezala, ezeztatua, bigarren planoan... Pediatriako kontuak ez dira inoiz garrantzitsuak izan.

Eta geroztik? 

1.400 haur artatzera ailegatu naiz, 107 jaioberrirekin. Hori Nafarroan edo Gipuzkoan ez du inork egin. % 150 lanean ari nintzen, lana poliki-poliki utzi nahi nuen eta helburu horrekin hainbat ate jo ditut. Erretiro aktiboaren aukera ikusi nuen, baina 65 urtetan jubilatuta bakarrik posible dela erran zidaten. Erretiro partziala ere aipatu zidaten eta astean bi aldiz paziente kronikoak eta azterketak eginez lanean segitzea proposatu nuen. Osasun Departamentuan eta Gizarte Segurantzan bueltaka ibili ondotik, oraindik ez didate erantzun. Abenduaren 29an, jubilatutako medikuak kontratatzeari buruzko dekretu bat onartu zuten Madrilen, eta hor espresuki ageri da 63 urterekin ezin dela. Aktibo nengoenean, bazuten kontratatzeko aukera, baina ez zuten egin. Horrekin batera, jubilatuen artean ikerketan eta irakaskuntzan aritzeko foru agindu bat atera zuten, eta horretarako aukera onartu didate. Hala ere, sortu dudan sare horren parte izaten segitzeko aukerarik ez dudala izanen ikusteak pena ematen dit. 

Zerbait gaineratuko zenuke? 

Haurtzaroaz gehiago arduratu beharko genuke, eta batez ere, desgaitasuna duten haurrei erreparatu beharko genieke. Haurren garapenerako zentro publikoa beharrezkoa ikusten dut. Badira pribatuak, baina ez daude denen eskura, eta ezin dugu aberatsen eta pobreen medikuntza onartu. Argi dago lan egin beharra dagoela. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun