Hariztia, munduari begiratzeko leihoa

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 26a, 08:00
Hariztira joan aldiro enkoadraketa berarekin ateratzen du argazkiak. Argazki horiekin osaturiko muntaia da hau. Irudia: Asier Gogortza.

Berako Erentzungo lepoan harizti bat landatu du Asier Gogortza argazkilariak. Berako eta Urruñako udalek sustatu dute proiektua, eta orain, hariztia sortu bitarteko prozesu guztia argazki liburu batean bildu du. «Sormen laborategitzat» dauka hariztia Gogortzak

Ikuspuntu bat, munduari begiratzeko leiho bat. Horixe da Erentzungo lepoan Asier Gogortza argazkilariak sorturiko hariztia. Hori bakarrik, eta hori dena aldi berean. «Bizitza guztirako proiektu bat izaten ahal da», dio. «Horrek modu batean beldurra ematen ahal dizu, baina zerbaitetan aritu behar duzu zure bizitza guztian». Erentzungo lepoan, Urruña eta Bera arteko mugan elkartu da Gogortza TTIPI-TTAPArekin, 2021eko irailetik hariztia landatua duen lekuan. Bista paregabeak ditu alde guztietara parajeak: Iparraldera itsasoa ikusten da, Donibane Lohizuneko badia, Miarritze, Baiona eta eguraldi garbia delarik baita Landak ere; ekialdera Larhun; hegoaldera Bera eta inguruko mendi tontorrak eta mendebaldera Mandolepoko gaina eta haren azpian Ibardingo bentak.

2019 urte bukaerarako 100 ezkur ale bildu zituen Gogogortzak 

2019an abiatu zuen proiektua ustekabean. Aunitzetan egiten zuen garaian Bera eta Biriatu arteko bidea bizikletaz, tartean Ibardin eta Urruña pasata. «Itzuliaren zati politena Tomaseneko bidea da niretzat, Urruñako lurretan. Larhun mendiaren begiradapean zoazela, Beñatbaita baserriaren ondoan, hantxe agertzen dira bi haritz dotore horiek, inguruko lurralde guztiaren jaun eta jabe. Bertatik pasatzen nintzen aldiro miresten nituen». Egun batean, gelditu eta bizpahiru ezkur hartu zituen. Etxera ailegatzerako bi erabaki hartu zituen: «ezkur gehiago biltzea, eta landareak nola sortzen diren ikustea». Urtea bukatzerako 100 baino gehiago zituen etxean. «Banuen susmo edo ideia bat: 100 haritz badituzu etxean hori bada paisaia potentzial bat». 

Udaberrian ernaldua

Etxeko konfinamendu betean konturatu zen etxean zituen ezkurrak banaka-banaka ernetzen hasi zirela, eta landare sortu berriei izenak paratzen hasi zen. Izena pintza batean paratu, Berria egunkariko orrialdeetan bildu, eta landatutako ezkur horiei argazkiak egiten hasi zen. Horrela sortu ziren, gerora haritz bihurtzeko prozesuan diren Wuhan, Pangolin, Artze, Vernungungen edo Tripoli. Aldi berean, hasi zen ernaldutako ezkur horiekin argazki lanak ere sortzen. 

2020ko udaberrian ernaldutako ezkurrekin osaturiko mosaikoa. Argazkia: Asier Gogortza.

Udaberriarekin bat, ernaldutako ezkurrak gero eta handiagoak zirela, horiek landatzeko ordua zela pentsatu zuen, eta Berako Udalera jo zuen. Ezkurrak herri lurretan landatzeko baimenarekin, eta herriko mapa batekin atera zen bertatik. Berehala hautatu zuen Bera eta Urruña arteko Erentzuko lepoa landaketarako. Berako Udalarekin lan egiteaz harago, Urruña ere inplikatzea ekarri zuen erabaki hark. Hasieratik ongi hartu zuten urruñarrek enbidoa, eta geroztik elkarlanean aritu dira: «Mugaren marra pasatzen da hariztiaren erdi erditik, erdia Urruñakoa da, eta bertze erdia Berakoa. Hariztia elkarrekin harremanak izateko aitzakia ere bada, eta erraza izan da biak inplikatzea».

Hasieratik inplikatu dira Berako eta Urruñako udalak proiektuan 

Geroztik, hariztiak landatu, eta hainbat esku hartze egin dituzte bertan, tartean haritzak babesteko babeslekuak paratzea, eta ondotik, baita zerrakurak paratzea ere, betiere bi herrien arteko elkarlana oinarri. Tartean haritz batzuk kendu behar izan dituzte hilik zirelako, eta berriak landatu. 

Berriki, hariztiaren prozesu guztia biltzen duen argazki liburua kaleratu du Gogortzak, hau ere bi udalekin elkarlanean, eta etorkizunean ere «urtero beharbada ez, baina bi edo hiru urterik behin» liburuxka berri bat egiteko proiektua dute. «Argazki liburu bat da, edukiontzi bat nire burutazioak hor sartzeko. Gehiago interesatzen zait hori, hemendik 15 urtera nire begirada nolakoa izanen den, eta ez hariztia nola egonen den».


Vernugungen haritzaren hazte prozesua. Irudia: Asier Gogortza.

Liburuaren 200 ale bakarrik egin ditu, eta bera izan da edizio prozesu osoaren arduraduna: «Hagitz kontent egin dut, astia hartu dut, eta noski bi udalen babesa izateak eman dit aukera edizio txukun bat egiteko». Euskaraz eta ingelesez kaleratu du liburua, bi hizkuntzatan liburuak ikuspegi lokalaz gain ikuspegi unibertsala duela iruditzen zaiolako. Ingelesarena nahita hartutako erabakia izan da, gainera. «Ingelesa hartuta gaztelaniaren eta frantsesaren gainetik salto egiten duzu, eta uste dut gehiagotan hasi beharko genukeela hori egiten, gure barreneko itzultzaile automatiko hori itzaltzen», azaldu du. 

Geruza aunitz 

«Jendearen interesa piztu du proiektuak, eta erranen nuke hainbat mailatan», aitortu du Gogortzak. Interesa, alde diferentetatik sumatu du: «Aunitzek tokiarengatik, bertze batzuk oihangintzaren aldetik, lurraldetasunagatik bertzeek, eta arte proiektuari ematen diote garrantzia bertzeek». Hala, «geruza» aunitzeko proiektua dela dio, eta  «geruza berriak deskubritzen dituela aldiro». Gainera, argazkilaritzaz kanpoko gauzak ikasteko ere balio izan dio: haritzak hazteko zenbat denbora behar duten, bortz urteren buruan krisi garaia izaten dutela, kontrara dituzten elementuak... «Orain kontzienteago naiz horretaz», azaldu du. 

Hariztia «oraineko» proiektu bat da Gogortzarentzat

Sona, gainera, ez du herrian bakarrik lortu, baita kanpoan ere. Proiektua ezagutarazteko Twitterreko hariak egin izan ditu tarteka, eta horrek ekarri du jende gehiagorengana, eta baita prentsarengana ere zabaltzea. Eta orain liburuarekin ere nabaritu du hori «Euskal Herriko eta kanpoko oihartzunak» jasotzen ari baita.  Harrerarekin «pozik» dagoela dio, «bide polita» egiten ari dela iruditzen zaio, baita kanpoan ere. «Proiektuaren politena da etorkizunera begira ez dakidala zer bide hartuko duen. Segitu beharko dut erabakiak hartzen, eta horrek eramanen du hariztia toki batera edo bertzera».

 

Vernugungen haritza landatuta ezkerrean, eta eskuinean haritza Asier Gogortza gibelean dela

Nahiago du, etorkizunera baino gehiago, orainera begira bizi, horregatik ez du gehiegi pentsatu etorkizunean hariztiak izanen duen forman. Hariztia gauza aunitz izaten ahal dela dio «geometrikoki borobil bat ikusten da eta borobilak batzarleku antzeko bat sortzen du, begiratoki bat ere izaten ahal da». Egunaren arabera, gauza bat edo bertzea irudikatzen du, baina, nahiago du sobera urruti ez pentsatu: «ez da erraza planak egitea bi urtera, ba pentsa 20 urtera egitea zer den, horrek frustrazio handi bat sortzen ahal dizu». Horregatik dio «oraineko» proiektu bat ere badela: «Proiektua bere fruituak ematen hasi da, ez dakit haritzak handituko diren, baina sortu diren interakzioak, harremanak, liburua eta arte emaitzak hor daude eta hor geldituko dira».

Mugari buruz hausnartzea da artistaren asmoetako bat 

Izenarena bada proiektuak duen bertze berezitasunetako bat, landatuta dauden haritz bakoitzak duelako bere izena. Lehendabiziko argazkia egin aitzinetik, Berria egunkariko orri batekin biltzen zituen, eta bertatik ateratzen zuen haritz bakoitzaren izena. Nahiz eta hariztian bakoitzaren izena ez paratu, apuntatua du bakoitzarena. «Kuriosoa da, hemendik 20 urtera ikusten ahalko delako zein hitz ziren 2020an, nolabait emanen dute 2020 horren berri hemendik 50 edo 100 urtera, eta bada memoria ariketa bat ere».

Hariztia sormen laborategia

Gogortzarentzat hariztia «aitzakia» da, bere argazkilari lana egiteko. «Laborategi bezala erabiltzen dut, eta beti egiten ditut argazkiak». Duela urtebetetik, adibidez, hariztira joan aldiro egiten du argazki bera, enkoadraketa berarekin. Horrek paisaia nola aldatzen den ikusteko balio dio, eta baita «esperimentaziorako» ere. «Hariztia paisaiaren laborategia da, eta argazkilaritza aldi berean bada aitzakia paisaiari buruz, lurraldeari buruz eta horrelako gaiei buruz solastatzeko». Aldi berean, mugaren auzia bada hariztiaren, eta argazkilaritzaren bidez landu asmo duen gaietako bat. «Hariztira begiratzen baduzu hemen ez da muga ageri, lehenengo muga gure buruetan dago, eta gure esku dago horren kontra ere egitea, eta horri buruz hausnartzeko tokia eta proiektua ere bada».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun