Bi desfibriladore paratu dituzte Beran

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 24a, 16:00
Beralandeta kanpoaldean eta Labiaga ikastolaren Altzateko egoitzako fatxadan paratu dituzte desfibriladoreak.

Eztegara pasealekuan, Beralandeta kanpoaldean eta Labiaga Ikastolaren Altzateko egoitzako kanpoaldean paratu dituzte desfibriladoreak

Berako udalak bi desfibriladore berri jarri ditu herritarren eskura. Bat Beralandetan jarri dute, Eztegara pasealekuan, eta bertzea, aldiz,  Altzate karrikan Labiaga Ikastolako fatxadan. Toki Ona Kiroldegian eta udaltzaingoaren autoan ere badira desfibriladore bana, eta beraz, lau dira Beran daudenak. 

Norbaiti bihotza gelditzen zaionean desfibriladoreena da erantzunik eraginkor eta azkarrena. Horrelako kasuetan, gainera, garrantzitsua da, lehenbailehen, 4-5 minututan, desfibrilazioa aplikatzea bihotza gelditu zaion pertsonari

Bihotzeko arazoek, gaur egun, bat-bateko heriotzen portzentaje handi bat eragiten dute.  Egoera horien aitzinean, desfibriladoreak erabiltzen badira, bihotzeko bat-bateko geldialdia izan duen pertsonak bizirik irauteko aukera handiagoak ditu, %90, hain zuzen.

Bihotz geldialdi baten aitzinean nola jokatu behar den ere zehaztu dute desfibriladoreak jarri dituzten gunean: 

  1. Kontzientzia eta arnasketa baieztatu.
  2. 112ra deitu.
  3. Desfibriladorea piztu eta argibideak jarraitu.
  4. RCP 30:2 egin, anbulantzia iritsi arte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun