Espainiako trial kopako liderra da Uxuri Portu lesakarra

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 21a, 11:00

9 eta 12 urte arteko nesken kategorian Cartagenan jokatutako lehen proban nagusitu zen

Espainiako trial kopako lehenbiziko proba jokatu zen martxoaren 18an Cartagenan (Murtzia). Lesaka Trial taldetik, Xabier Valverde eta Uxuri Portu txirrindulariak hurbildu ziren. Uxuri Portu 9-12 urteko nesken kategorian aritu zen (bederatzi bertzerik ez ditu lesakarrak) eta lehenbiziko postua lortu zuen. Modu honetara, Portu da Espainiako kopako lehen liderra bere kategorian.

Xabier Valverde kadete mailan aritu zen eta nahiz eta lesio batetik oraindik erabat osatu gabe egon, meritu handiko bederatzigarren postua lortu zuen, kontuan hartuz, gainera, Europa osotik etorritako kirolari aunitz izan zirela.

Espainiako trial kopak lau proba izanen ditu aurten guztira, iaz baino bat guttiago eta Cartagenakoaren ondotik, apirilaren 23an Cambrilsen (Katalunia), apirilaren 30ean berriz ere Cartagenan eta maiatzaren 6an Bejarren (Salamanca) eginen dituzte.

Aitzinetik, martxoaren 12an Aretxabaletan jokatu zen ipar eremuko bigarren trial proban Lesaka trialeko  Uxuri Portuk laugarren postua lortu zuen alebin misto proban Xabier Valverde ez zen joan bezperan entrenatzen min hartu baitzuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun