Pumptrack eta bizikleta jautsierako bide berriaren estreinaldi jendetsuak izan dituzte Lesakan

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 20a, 13:00

Bizibide ekimenarekin segituz, bi kirol instalazioren estreinaldia izan dute larunbat honetan Lesakan. Alde batetik, azken asteetan Zumarra aldean landu duten jautsiera bide berri baten inaugurazioa egin zuten goizean. Arratsaldean, berriz, Eltzeta karrikako pumptrack-aren inaugurazio jendetsua egin dute eta, argazkietan ageri denez, asteburu osoan hainbat haur eta gazte ibili dira instalazio berria probatzen.

Bizibide ekimena poliki-poliki handitzen ari da, eta horren jakitun, Orbeak 16.000 euroko diru-laguntza eman dio Lesakako udalari ekimen hau indartzen jarraitzeko.

Diru hori, Zumarra aldeko bide berri hau sortzeko eta bertze batzuk hobetzeko erabili du udalak. Lan hauek Basque MTB enpresarekin elkarlanean gauzatu dira. Bide honek, ia 2 kilometroko luzera eta 360 metroko desnibela du eta enduro bizikletetan arituak direnek gustura estreinatu dute.

Pumptrackari dagokionez, bizikletaz gain, skate, patina edo patinetearekin erabiltzen ahal den instalakuntza da. Pumptrack-a egitea 95.805 euroko kostua izan du eta hau ordaintzen laguntzeko 50.000 euroko diru-laguntza jaso du udalak Europatik.

 

Bizibide ekimenaren baitan Sustrails enduro txapelketa

Bizibide ekimenak bizikletaren kultura eta turismo jasangarri bat sustatzea du  helburu, herriko ekonomian ere eraginez. Lehengo urtean martxan jarri bazen ere, bi urteko lana izan da eta Lesakako udalaz gain herriko hainbat zerbitzu eta norbanakok ere parte hartu dute. Bizirik dagoen proiektua da, eta horren adierazle da Basaburua eta Irrisarrilandekin batera burutuko den Sustrails enduro txapelketa. Irailaren 23 eta 24an Lesakan eginen da proba, urriaren 7 eta 8an Igantziko Irrisarrin eta urriaren 21 eta 22an Basaburuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun