Toki Inbertsioen Planera hainbat proiektu aurkeztu ditu Berako Udalak

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 17a, 15:00

Legia karrikan zoladura eta espaloia hobetzeko behin behineko lanak eginen dituzte.

Berako Udalak tokiko azpiegitura garrantzitsuak finantzatzeko proiektuak aurkeztu ditu Nafarroako Gobernuaren 2023tik 2025era bitarteko Toki Inbertsioen planen deialdira.

Hauek dira Berako Udalak aurkeztu dituen proiektuak: Kanttonberrin, Illekuetan eta Legian  ur-sareak berritzeko eta urbanizatzeko eta zolatzeko proiektuak, igerilekuak birmoldatzea, mendiko pistak moldatzea eta Altzateko ur sarea moldatzea.

Udalak jakinarazi duenez, laguntza horiek heldu den asteetan ebatziko dira, eta onartutako obrak heldu den hiru urteetan egingo lirateke. «Oinarrizko laguntza horiek lortzea espero dugu, obrei ekin ahal izateko, duten kostu handiagatik», adierazi dute.

Legia Karrikaren kasuan, Aitor Elexpuru alkateak azaldu duenez, EH Bilduren hasierako asmoa zen galtzada eta espaloia berritzea, batez ere kale horretatik igarotzen diren oinezkoen segurtasunerako. Baina, kalearen azalera birmoldatzean, lurpeko ur-sareak, estolderia, kableak… ere berritu behar dira. Elexpuruk azaldu duenez, sare horiek erabat zaharkituta daude eta ihes aunitz dituzte. «Udalak 2020an egindako memoriaren arabera, obra horien aurrekontua milioi bat euro baino gehiagokoa da, eta Nafarroako Gobernuaren Toki Inbertsioen Planen Finantzaketaren bidez baino ezin dira egin, Udalak planteatu duen bezala».

Egoera eskasean dago Legia karrikako espaloia. Irudia: Aitor Elexpuru

Legia karrikaren egoera eskasa ikusita, eta kontua hartuta ebazpenaren atzerapenak proiektua garatzeko denborak aunitz luzatuko dituela alternatiba bat lantzen aritu da udala. Arazoari behin behineko irtenbide partziala emateko, 2022ko azaroan udalak erabaki zuen 2023ko aurrekontuetan diru partida bat sartzea kaleko zoladura eta espaloiak hobetzeko lanei ekiteko. Lanak esleitzeko prozesua abiatu dute, eta heldu den asteetan egitea aurreikusi dute.  

Karrika horretatik igarotzen diren oinezkoen eta bertatik zirkulatzen duten autoen segurtasuna hobetzea da lan horien asmoa. Gainera, udalak oroitarazi du, zirkulazio hori mugatua dagoela inguruko biztanleentzat eta zerbitzuen erabiltzaileentzat, eta ezin dela erabili herriko bi eremuen arteko  joan-etorrietarako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun