Bizibide ibilbide berria eta Pumptrack-a estreinatuko dituzte larunbatean Lesakan

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 15a, 20:00

Bi kilometroko luzera eta 360 metroko desnibela izanen du larunbatean inauguratuko den Bizibide ibilbide berriak.

Bizibide ekimenarekin jarraituz, Lesakako Udalak larunbat honetarako bi estreinaldi antolatu ditu. Alde batetik, azken asteetan landu den bide berri baten inaugurazioa eginen da goizean. Bizibide ekimena poliki-poliki handitzen ari da, eta horren jakitun, Orbeak 16.000 euroko diru-laguntza eman dio Lesakako udalari ekimen hau indartzen jarraitzeko.

Diru hori, bide berri hau sortzeko eta bertze batzuk hobetzeko erabili du udalak. Lan hauek Basque MTB enpresarekin elkarlanean gauzatu dira. Bide honek, ia 2 kilometroko luzera eta 360 metroko desnibela du. Inauguraziorako, erremonte bat paratuko dute Aginaraino. Larunbatean 09:00etan izanen da lehen txanda eta 10:15ean bigarrena. Apuntatzeko 676604715 zenbakira whatsapp bat bidali beharko dute interesatuek.

Larunbat arratsaldean, berriz, Eltzeta karrikako pumptrack-aren inaugurazioa eginen dute. Bizikletaz gain, skate, patina edo patinetearekin erabiltzen ahal den instalakuntza da pumptrack-a. Horregatik, hauetako edozein elementurekin etortzeko gonbidapena luzatu nahi du Lesakako udalak. Erakustaldi ttiki bat ere izanen da eta probatu nahi duenarentzako laguntza ere eskainiko da. Pumptrack-a egitea 95.805 euroko kostua izan du eta hau ordaintzen laguntzeko 50.000 euroko diru-laguntza jaso du udalak Europatik.

Bizibide ekimenaren baitan Sustrails enduro txapelketa

Bizibide ekimenak bizikletaren kultura eta turismo jasangarri bat sustatzea du  helburu, herriko ekonomian ere eraginez. Lehengo urtean martxan jarri bazen ere, bi urteko lana izan da eta Lesakako udalaz gain herriko hainbat zerbitzu eta norbanakok ere parte hartu dute. Bizirik dagoen proiektua da, eta horren adierazle da Basaburua eta Irrisarrilandekin batera burutuko den Sustrails enduro txapelketa. Irailaren 23 eta 24an Lesakan eginen da proba, urriaren 7 eta 8an Igantziko Irrisarrin eta urriaren 21 eta 22an Basaburuan.
Informazio gehiago: www.bizibide.eus

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun