Ruben Adan eta Maria Ordoñez nagusitu dira Lesakako laugarren mendi lasterketan

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 13a, 13:00

182 korrikalarik parte hartu zuten eta gizonezkoetan bigarren izan zen Hodei Lujanbio goizuetarra

Lesakako Beti Gazte elkarteak antolatutako laugarren mendi lasterketa egin zen martxoaren 12an. 182 korrikalarik parte hartu zuten eta horien artean, Kaparrosoko Ruben Adan eta Iruñean bizi den Maria Ordoñez izan ziren bizkorrenak.

Ruben Adanek ordubete, 12 minutu eta 57 segundo behar izan zituen hamalau kilometro luze eta 900 metroko desnibela zuen ibilbidea burutzeko. Soronea taldeko Hodei Lujanbio goizuetarra izan zen bigarren (1.13.24) eta Agiro taldeko Jon Alberdi zestoarra hirugarren (1.14.18).

Emakumeen artean, Txurregi taldeko Maria Ordoñez izan zen bizkorrena (1.26.52), Herrikrosa taldeko Nerea Amilibia zarauztarra bigarren (1.31.33) eta Soronea taldeko Larraitz Etxebeste oiartzuarra hirugarren (1.32.12). Itxaro Zabaleta leitzarra laugarren izan zen (1.33.02) eta Ane Eltzaurdia beratarra bosgarren (1.36.14).

Gazteen mailan, Beintza-Labaiengo Beñat Albisu izan zen bizkorrena (1.18.14) eta sailkapen orokorrean meritu handiko zortzigarren postua eskuratu zuen. Josu Etxepeteleku lesakarra izan zen bigarren (1.39.13) eta Oihan Urroz lesakarra hirugarren (1.33.07).

Beteranoetan, gizonezkoetan Alkozko Mikel Beunza izan zen bizkorrena (1.17.07), Iker Irastorza pasaitarra bigarren (1.22.20) eta Berako Joseba Lasarte hirugarren (1.23.20).

Emakume beteranoetan Nerea Amilibia nagusitu zen, Enderizko Ines Aguado izan zen bigarren (1.50.15) eta Iruñeko Beatriz Martinez hirugarren (1.52.51).

Lehenbiziko lesakarrak Mattin Gonzalez eta Loli Pardal izan ziren eta taldeka Txurregi gailendu zen.

Sailkapen osoa

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun