M8 Emakumearen Nazioarteko Eguna 2023

55 lagunek parte hartu dute Arantzan egin duten Bortzirietako Emakumeen Mendi Martxan

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 13a, 10:30

Goizeko lainoari sobera erreparatu gabe, 55 lagun bildu ziren atzo goizean Arantzan Bortzirietako Emakumeen XIII. Mendi Itzulia egiteko. Eguerdirako eguzkia atera zen, eta horrekin batera borobildu zuten hitzordua. Herrira ailegatutakoan Ekaitza Elkarteak salda eman zien eta ondotik bazkaltzeko bildu ziren. Etxalarrek hartu du heldu den urteko edizioa antolatzeko lekukoa.

09:00etan egina zuten hitzordua Arantzako plazan, eta hantxe bildu ziren bortz herrietako emakumezkoak atzo goizean. Handik abiatu ziren, eta 13:00 pasata bueltatu ziren toki berera. Plazatik Meakara igo ziren lehenbizi, eta pagoen bideari segituz Bulatxikira edo Bulatsegira joan ziren segidan. Handik Sunbilla aldeko edo Elgorriagako pista hartu zuten lehenbizi, eta ondotik, Negusoroetara edo Arantzan Mairubaratzeta izenez ezaguna den tokira ailegatu ziren. Indarrak hartu bidenabar gosaldu zuten eta Patxi Larretxeak egindako bertsoak kantatu bidenabar, taldeko argazkia atera zuten.

Bideoa: Karmen Ibarra.

Segidan, Senberroko bordan barna herrirako bidea hartu zuten. Gaisenberro ondotik pasatuta, Larretara ailegatu ziren mendizaleak, eta plazan bukatu zuten buelta. Han Ekaitza Elkarteko kideek salda banatu zieten, eta ondotik, ibilbidean parte hartu zuten batzuek Burlada jatetxean bazkaldu zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun