«Lehen lanbidea gizonezkoei eta goi klaseei lotuago zegoen, baina nire belaunaldikoen artean gehienak emakumeak gara», azaldu du. Pazienteekiko erlazioan desberdintasunak izan dituela azaldu du: «Behin baino gehiagotan aditu behar izan dut medikua noiz dator esaldia, emakume gaztea izanik erizaina naizela pentsatzen dutelako; edota mediku eta erizain taldean elkarrekin lanean gabiltzala nire lankide gizonezkoari zuzentzea elkarrizketa».
Berdintasuna lortzeko oraindik urrats aunitz egin behar direla iruditzen zaio: «Azaletik begiratuta agian berdintasuna hurbil dagoela ematen du, baina gehiago arakatzen hasita, rol edo menpeko harreman patroien kutsuak uste baino esparru gehiagotan ikusi daitezke. Harreman eredua errotik aldatu ezean berdintasun osoa lortzea zaila da».
Horretarako hainbat erronka aipatu ditu: «Berdintasunean oinarritutako heziketa sustatzea, denok iritzi matxistak eta aldez aurretik ezarritako jokaera patriarkalak dauzkagula onartzea, eta emakumearen heroi papera kentzea, hori ere inposatutako bertze ideal bat delako, eta presio gehigarria sortzen duelako».
Pertsonen arteko laguntza bultzatu behar dela dio, indibidualitatea gutxituz: «Indibidualitateak ustezko askatasuna ematen duen arren, laguntasun edo elkartasuna ezinbertzekoa da edozein mugimendutan».