M8 Emakumearen Nazioarteko Eguna 2023

«Herri kiroletan emakumeen bidea irekitzen ari da»

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 11a, 10:00

Duela 14 urte hasi zen Nerea Sorondo beratarra herri kiroletan parte hartzen, 2009an. «Lagun giroan hasi ginen, probatzeko aukera ikusi genuen eta hasieratik gustatu zitzaigunez, hortxe gelditu ginen».

Ibilbide «gorabeheratsua» izan du geroztik; «trontzan hasi ginenean zaletasun gisa zen, baina entrenatzen hasita lehiatzea erabaki genuen. Garai onak izan genituen eta irabazten hasi ginen. Gero gibelerago gelditu ginen, bertze neska batzuk irabazten ziguten baina parte hartzen segitu genuen». Horren ondotik, bakarkako lanera pasatu zen Sorondo: «aizkorarekin hasi nitzen, eta hor ere urte onak eta urte txarrak izan ditut, pixka bat denetik. Hala ere, hemen segitzen dugu».

Emakumeen egoera herri kiroletan «asko» aldatu dela dio; «duela urte batzuk juxtu xamar ikusten nuen, baina egia da probak egokitu dituztela jende gehiagok parte hartu ahal izateko. Harri-jasotzean, adibidez, lanak murriztu egin dira emakumeek parte hartu ahal izateko. Gaur egun, emakume pila bat gara. Hasi ginen gutti horietatik ikusi zen emakumeak ere aritzen garela, eta geroz eta gehiago gara. Etorkizun ona ikusten diot emakumezkoen herri kirolari».

Bere kasuan, «emakumea izateagatik baino, bidea ireki gabe zegoelako izan da zaila hastea. Lehen emakumeak ez ziren plazaratzen, sokatiran normalizatuagoa zegoen baina bertze kirol askotan ez. Ez da bide zailagoa izan, lana berdina baita, baina bidea oraindik irekitzen ari da eta normaltasunera ailegatuko da noizbait».

Kiroletik kanpo ere egoera «asko hobetu dela» dio Sorondok, «baina asko dago oraindik lantzeko. Gehienbat amatasunarekin eta lan kontuekin ikusten da, emakumeak gehiago gelditzen dira etxean, pauso bat atzerago gaude».

Martxoaren 8ra bueltan, «bide onetik goaz, baina oraindik lan asko dago egiteko eta kontzienteak izan behar dugu, bai emakumeak eta baita gizonak ere. Horretarako, norberak bere buruarekin, etxean, lanean… egin behar du lanketa, askotan, konturatu gabe, automatikoki bizi garela dirudi».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun