M8 Emakumearen Nazioarteko Eguna 2023

Egungo zaintza sistema irauli behar dela aldarrikatu dute Lesakan

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 9a, 10:30

Martxoaren 8a borroka eguna dela oroitarazi zuen atzo Xulufrinak Lesakako Sare Feministak emakumearen egunaren harira antolatutako hitzorduetan; «karrikak eta plazak hartu, kontzientziak harrotu eta gure aldarriak aditu arazteko eguna» dela nabarmendu zuen, «eta ez politikari batzuek erraten duten bezala, besta egiteko egun bat». Alde batetik, zaintza lanen inguruko tertulia egin zuten plazan eta bertzetik, elkarretaratzea.

Argazkiak: Irantzu Pastor.

Martxoaren 8ra ailegatzeko, ordea, aitzinetik antolatzearen garrantzia nabarmendu zuten Xulufrinak-eko kideek, «antolakuntzarik gabe, ez gara deus»; eta hala, eskerrak eman nahi izan zizkieten «mugimendu feminista bizirik mantentzen» dutenei. «Antolakuntza ezinbertzekoa da bizi dugun gizartean, beti erortzear ikusten dugun mundu honetan».

Eta bide horretan, «sistema hau sostengaezina» dela salatu zuten: «sostengaezina da zaintzeaz arduratzen garen emakumeontzat*; sostengaezina migratu behar duten pertsonentzat; sostengaezina langileontzat; sostengaezina planetarentzat. Eta guk ez dugu zapaltzen gaituen sistema hau sostengatu nahi. Bizitzak erdigunean jarriko dituen komunitate batean bizi nahi dugu, denen oinarrizko eskubideak bermatuko dituen Euskal Herri batean, indarkeriarik gabeko herri batean».

«Zaintza sistema irauli behar da»

Horretarako, zaintza sistema «irauli» behar dela aldarrikatu zuten: «Emakumeak* gara familian zaintzaren ardura gure gain hartzen dugunak, zahar etxeetan zein haur eskoletan lan egiten dugunak, emakume* (maiz migranteak) dira etxeak eta ospitaleak garbitzen dituztenak eta zahartzaroan dauden pertsonak egunerokoan laguntzen dituztenak. Eta nekatuak gaude, ezin dugu gehiago». Hala, atzokoa «inflexio puntua» izatea nahi zutela gaineratu zuten, udazken honetan greba eginen dutela jakinarazteko. «Gure neke, haserre eta ezinetatik indarra atera eta greba feminista bat antolatuko dugu».

Grebarako arrazoiak ere azaldu zituzten: «Zaintzak ardura kolektiboa izan behar duelako, zaintzea gizarteko pertsona guzien betebeharra delako. Zaintza ezin da emakumeen kontua bakarrik izan. Gizonek ere ardura hartu behar dute. Eta greba eginen dugu, zaintzak negozioa izateari utzi behar diolako, zainduak izateko eskubidea denok dugulako. Zaintza zerbitzuen pribatizazio prozesuak eta zaintzaren karga osoa familia egituren gain gelditzea bukatu behar dira». Zaintzaileentzat «lan eskubide duinak» eta denentzat «zaintzarako eskubidea» eskatu zituzten.

Larunbatean gehiago

Larunbatean, martxoaren 11n, emakumeen afaria antolatu du Xulufrinak Lesakako Sare Feministak. 19:00etan poteoa eginen dute Arranotik abiatuta eta 21:00etan Kasinon afaltzeko elkartuko dira.

Saskiaren zozketa

Bertzetik, autozaintzarako saskiaren zozketa ere hasi dute Xulufrinak-eko kideek. Apirilaren 22an eginen dute zozketa eta txartelak Arranon daude salgai.

S

Apirilaren 22an eginen dute saskiaren zozketa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun